Andramaixak, denok ordezkatzeko jaiak

2024/07/30

Andramaixak gero eta anitzagoak dira, nahiz eta oraindik egiteko asko dagoen. Atxabaltar guztiei esker, festak asko aldatu dira, aldatzen ari dira eta aldatuko dira, garai eta unera egokituz. Denon artean egiten ditugu jaiak, eta beraz, aniztasun horren isla dira.

Gobernu-taldeak  aniztasunarekin bat eginez,  egun hauetan herritar oro errespetatua, kontuan hartua, gustura eta integratua sentitzea du helburu.

Iaz, herriaren borondatea ordezkatzen duten alkatearen makila eta Aretxabaletako bandera elizara ez eramateko erabakia hartu zen. Horrela, banderarekin aldarearen aurrean makurtzeari eta belaunikatzeari utzi zitzaion, uste baitzen gaur egun funtsezkoa dela erakunde publikoek akonfesionaltasun printzipioari jarraitzea, eta ondorioz, erlijio neutraltasunerako bideari ekitea.

Aurten, hasitako bide horri jarraituz, eta tradizioarekiko errespetua alde batera utzi gabe,  udaletxetik elizako ateraino egiten den "alkate soinua" Andramari bezperara pasatzea erabaki da, jaiei hasiera emateko.

Bestalde, pregoian parte hartzen duten eragileekin bilera egin ondoren, ikurrina komunitate osoari eskainiko zaiola erabaki da, eta ez bakarrik udalbatzari, orain arte egin den bezala. Izan ere, gobernu honek uste du jarduera horrek Aretxabaletako udalaren eta herriaren arteko harremanaren irudipen fidelagoa eskaintzen duela, elkarlan eraikitzailearen garrantzia nabarmenduz.

Argazkia: Goiena