Gurasoei beren seme-alaben hezkuntza prozesuan laguntzeko hitzaldiak antolatu dira

2022/02/10
Komunikazio ez bortitza, emozioak, eta interneten arriskuak eta erabilera segurua bezalako gaiak jorratuko dituzte hiru hitzalditan. Nerea Mendizabalek otsailaren 14 irekiko du programa. Hurrengo hitzorduak hilaren 16an eta apirilaren 27an izango dira.

Haurren eta nerabeeen bizi kalitatea eta aukerak hobetzea, gurasoak hezkuntza gaitasunetan prestatuz. Horixe da datorren astean Aretxabaletara iritsiko den Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Treba Gurasoak programaren helburuak.

Nerea Mendizabal, Donna Apellaniz eta Rakel Gamito adituek hiru hitzaldi emango dituzte. Bertan, komunikazio ez bortitzaz, emozioek familian duten garrantziaz eta interneten arriskuez eta erabilera seguruaz hitz egingo dute.

Treba Gurasoak egitasmoak joan den ikasturtean abian jarritako Treba Gazteak izenburuko programa osatzen du. Azken ekimen horren helburua gazteei emantzipazio prozesuan laguntzea eta ahalduntzea da, hainbat gairi buruzko hitzaldi, tailer eta ikastaroen bidez.

Udalak bat egin du ekimenarekin, Kurtzebarri Eskolako eta Arizmendi Ikastolako laguntzarekin, baita bi ikastetxe horietako gurasoen elkarteenarekin ere. Aretxabaleta, beraz, ikasturte honetan hitzaldiak eta tailerrak antolatuko dituzten 28 udalerrietako bat da. “Tresna arin eta eraginkor bat izan nahi du lurrande osoan, guraso izateko ezagutza garrantzitsuak transmititzeko, hainbat eragileren lankidetzarekin”, azaldu dute Foru Aldunditik.

Gurasotasun positiboan oinarritutako eskaintza pedagogikoa da Treba Gurasoak programa. Harreman afektibo osasuntsu, babesle eta egonkorrak sustatzeaz gain, errutinetan eta ohituretan egituratutako hezkuntza-ingurune bat sortzen du. Aldi berean, egitasmo honekin estimulazioa, babesa eta ikasteko aukerak eskaini nahi dira, “haurren eta nerabeen lorpenak eta gaitasunak aitortuz, eta haien eguneroko bizitzan lagunduz”.

Aretxabaletan, zehazki, hiru hitzaldi eskainiko dituzte. Lehenengoan, otsailaren 14an, Nerea Mendizabal psikopedagogo eta gizarte hezitzailea komunikazio ez bortitzaren gainean arituko da. Bi egun geroago, hilaren 16an, Donna Apellaniz adimen emozionalaren hezitzaileak emozioek familian duten garrantziaz eta horiek seme-alabekin nola zaindu azalduko du. Azkenik, apirilaren 27an, Rakel Gamito Hezkuntza Zientzietako doktoreak interneteko ohiturak, arriskuak eta erabilera seguruaz hitz egingo du.

Hiru hitzaldiak –lehenengoa gaztelaniaz (18.45ean) eta gainerako biak, euskaraz (18.00etan)- Arkupen izango dira. Informazio gehiago lortu nahi izanez gero, bidali emaila gazteria@aretxabaleta.eus helbidera edo deitu 943 71 18 62 telefonora.