Zuhaitzak landatuko dira UDAren 75.urteurrenean

2022/02/08
Zuhaitz Egunak bat egingo du kirol klubaren urteurrenarekin. Herritarrei irekita egongo da otsailaren 20ko hitzordua. Bertan, hainbat espezietako 15 ale landatuko dira, Ibarrako futbol zelaiaren inguruan eta Otala Zelaiko eremuan.

Zuhaitz Eguna eta UDAren 75.urteurrena eskutik joango dira otsailaren 20an.  Aretxabaletako kirol klubaren hiru mende laurdeneko ospakizunaz gain, herritarrak ingurumena babestearen eta zaintzearen beharraz sentsibilizatzeko ere balioko du antolatutako ekitaldiak, zuhaitzek hiri inguruneetako bizi kalitatean duten garrantzian arreta jarriz.

Zuhaitzak Ibarrako futbol zelaiaren ondoko berdegunean eta Otala Zelaiko inguruan landatuko dira. Unai Elkoro alkateak eta UDAko zuzendaritza batzordeko kide den Dorleta Ezeizak haur eta helduei zuzendutako ekintza aurkeztu dute.

Horrela, 15 zuhaitz landatuko dituzte; horietatik hamabi Ibarra inguruan: haritz bat (Quercus Robur); Likidanbar espezieko bederatzi ale; urki bat (Betula Verrucosa Alba), eta Aligustre bat (Ligustrum). Otala Zelaiko eremuan, berriz, hiru haritz landatuko dira, alkateak azaldu duen bezala, “kendu behar izan diren zuhaitz zaharrak irizpidez birjartzeko helburuarekin”. Izan ere, ustelduta dauden bi ordezkatuko dira, Elkorok zehaztu duenez.

UDAk bere 75. urteurreneko egitarauaren barruan bultzatu du Zuhaitz Eguna. Udalak aurten berezia izango den hitzordua babestu du. Beraz, otsailaren 20an (igandea) Ibarra futbol zelaian elkartuko dira 10:00etan. “Futbol eskolako neska-mutilekin egingo dugu txangoa Otala Zelaira -ekintza nahi dutenentzat irekia da-. Ondoren, Ibarrara jaitsiko gara landaketarekin jarraitzeko”, adierazi du Dorleta Ezeizak.

Futbol zelaiaren sarreran 16/18 zentimetroko zirkunferentzia duen haritz bat landatuko da, klubaren 75 urteak sinbolizatuko dituena. Bukatzeko, bertaratutakoei luntxa eskainiko diete.