Portasolgo jaiak bertan behera geratu dira

2020/07/10

 

Uztailaren 16tik 19ra egitekoak ziren Portasol jaiak bertan behera geratu dira. Udalak eta jai batzordeak hilabete baino gehiago daramate lanean 'normaltasun berrira' egokitutako jai egitaraua osatzeko. Izan ere, programatutako ekitaldi guztiak "sinpleak" ziren, gaueko hitzordurik gabe, "nahi gabeko pilaketak saihesteko". Jarduera bakoitza egungo egoerak eskatzen dituen prebentzio neurriak betetzeko egokituta zegoen.

Hala ere, azken astean koronabirusa izaten ari den joera ikusita, kutsatze berriekin, Udalak jaiak bertan behera uztea erabaki du. "Guztioi dagokigu arduraz eta zuhurtziaz jokatzea, pandemia hau geldiarazteko, eta kutsatze foku berriak eragin ditzaketen egoerak saihesteko", adierazi du Udalak. Portasolgo festen batzordeari eskerrak eman dizkio "egindako lanagatik eta laguntzeko erabateko prestutasunagatik". "Datorren urtean guztiok batera ospatuko ditugu jaiak", dio Udalak.