Udalak kiroldegiko berdegunea hornitzeko proiektua idazteko lanak esleitu ditu
Aretxabaletako Udalak Lur Paisajistak enpresari eskatu dio kiroldegiaren aurrean dagoen berdegunea nola hornitu diseinatuko duen proiektua idazteko, joan den ekainean garatu zen parte-hartze prozesuan herritarrek gehien bozkatutako alternatiban oinarrituta. Lan hori 14.800 eurotan esleitu da (gehi BEZa), eta ekainaren hasierarako prest egotea aurreikusita dago.
Herritarrek bozkatu zituzten hiru aukeretatik, bozkatuenak (emandako 1.397 botoen % 50,5 jaso zuen) lasai egoteko zuhaitz eta mahaiekin gune bat egokitzea planteatzen du, baita ur jolasak ere. Era berean, kirol ekipamendu txikiak aurreikusten dira: kalistenia, ping-pong eta mahai-jokoak. Aukera horretan, Markole auzoaren ingurua oinezkoentzat atontzen da; eta horretarako, Aretz tabernaren eta futbol 7 zelaiaren arteko espazioan aparkalekuak kentzen dira. Kalea berrantolatzeko, Araba ibilbidetik Markole auzora doan bidea ere ibilgailuentzat itxiko da. Ondorioz, oinezkoentzako espazioa zabaltzeaz gain, padelerako edo beste kirol modalitate batzuetarako ekipamendu estaliak jartzea ahalbidetzen da Ibarrako futbol zelaiaren ondoan.
Proposamen irabazlea bi fasetan garatuko da. Lehenengoa, martxan jarri dena, zelaian bertan zentratuko da. Zuhaitzez eta mahaiez hornitua egongo den parkea, ur-txorrotak eta kalistenia praktikatzeko aparatuak nola jarri diseinatuko da. Iñigo Segurola Arregi buru duen Lur Paisajistak enpresak egingo duen urbanizazio-proiektuak zehaztuko du espazioen banaketa eta obrak egiteko aurreikusitako epeak.
Bigarren fasean ingurua oinezkoentzat egingo da
Unai Elkoro alkateak gogoratu du prozesua herritarrei irekitako bilera batekin hasi zela 2022ko maiatzean, eta bertan kiroldegiko berdegunean libre dagoen espazioaren erabilera osatzeko hainbat aukera jaso ziren. “Prozesu honen helburua aretxabaletarrekin batera berdegune hau diseinatzea izan zen, ahotsa emanez; beraz, bozketan hartutako erabakia errespetatu egin behar da”, defendatu du Elkorok. “Legealdiaren amaierarako proiektuaren lehen fasea idatzita uzteko denbora izango dugu, hau da, banaketa eta berdegunea hornituko duten elementuak. Hortaz, hurrengo Udalbatzari dagokio obra gauzatzea”, gaineratu du Elkorok.
Bigarren fase baterako, epe luzerako, ingurua oinezkoentzat bihurtzea eta estalitako kantxak eraikitzea utzi da.