Aretxabaletak berdintasunaren aldeko borrokarekin duen konpromisoa ikusaraziko du hainbat ekintzaren bidez

2022/03/01
Matilde Sainz, Arantza Baskaran eta Amaia Aranzabal margolari arrasatearren erakusketarekin hasiko da ostegun honetan Martxoak 8aren inguruan antolatutako programa. Antzerkiak, ipuin kontaketak, dokumentalak, UDAko frontenis txapelketak eta Zinegoak jaialdiak osatuko dute hilaren amaierara arte luzatuko den egitaraua.

Udalak, Atxabaltako Mugimendu Feministaren laguntzarekin, Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan hainbat ekitaldi antolatu ditu, berdintasunaren aldeko borroka ikusarazteko eta, era berean, haien eskubideak aldarrikatzeko.

Erakusketa bat, antzerkia, ipuinak, dokumental baten proiekzioa eta Zinegoak jaialdia izango dira martxoaren 3tik 31ra bitartean martxan egongo diren ekitaldietako batzuk.

Udaleko bi talde politikoak eta Erdu talde feminista ordezkatuta dauden Berdintasun batzordeak adierazpen instituzional bateratu bat adostu du, non Udalak konpromisoa hartzen duen baliabide ekonomiko, pertsonal eta teknikoak indartzeko herrian berdintasun -politikak ezartzeko. Udalak konpromisoa hartzen du, halaber, udaleko barne eta kanpoko protokoloak berritzeko, indarkeria matxistaren mota guztietako biktimei ematen zaien arreta hobe dadin. Horrez gain, herritarren sentsibilizazioan sakonduko du, eta berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen aldeko neurrien garapen integralarekin jarraituko du.

Ekitaldiak, beraz, datorren ostegunean hasiko dira Matilde Sainz, Arantza Baskaran eta Amaia Aranzabal margolari arrasatearren erakusketaren inaugurazioarekin. Martxoaren amaierara arte egongo da ikusgai Arkupen.

Martxoaren 6an, igandean, Zaraia Aretoak Kamikaz Kolektiboa eta Ttak Teatroaren Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana hartuko du. Iraia Elias, Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola dira ikuskizun honen zuzendari eta protagonistak (19:00etan; bost euro).

Asteburuan, gainera, UDAren eskutik emakumezkoen frontenis txapelketaren zortzigarren edizioa jokatuko da. Martxoaren 10erako, berriz, SETEM Hego Haizeak egindako ikerketan oinarrituta dagoen Fabricando mujeres 2.0 dokumentala proiektatuko da Zaraia aretoko pantaila handian. Lan honen helburua indarkeria matxisten eta kapitalismoaren arteko lotura ikusaraztea da kontsumoaren bidez, hiru eremu zehatzetan: fikziozko telesailak, teknologia mugikorraren erabilera eta etxeetako energia-kontsumoa. Proiekzioaren ondoren (elebitan) solasaldia izango da (19:00etan).

Martxoaren 16an, Maite Franco narratzaileak Filomena Musugorri, Errege! estereotipo sexistetatik kanpoko ipuin saioa gidatuko du. Ekintza hau haurrei zuzenduta dago eta liburutegian egingo da. Hilaren 23an, Zinegoak, Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren bost film labur proiektatuko dira Arkupen: Elsa, No deberías, To the future, with love, Ob scena eta Les filles ne marchent pas seules la nuit

Azkenik, martxoaren 29an, Berdintasun udal sailak eta Erdu talde feministak abian jarri duten Aretxabaletako Genealogia feminista lehiaketaren lehen edizioaren barruan, Maite Triviño aretxabaletarrak egindako lana aurkeztuko da. Irabazleak 1.500 euro jaso ditu bere ikerketa burutzeko.

Udalak ere bat egingo du mugimendu feministak martxoaren 8rako Herriko plazan antolatu duen elkarretaratzearekin.