Aretxabaletak bere osagai guztiekin ospatuko ditu Aratusteak

2023/02/07
Txapel Txinek ongietorria emango dio jaiari datorren larunbatean, pregoia 13:00etara aurreratuz goizetik giroa berotzeko. Luis Angel Argote gasteiztarrak irabazi du 2023ko Inauterietako kartel lehiaketa.

Aretxabaletak maskarak atera eta Aratusteez gozatzeko orduak kontatzen ditu, batez ere otsailaren 19an ospatuko den igandeko egun jendetsuari begira. Baina, aurretik, datorren larunbatean Txapel Txinek iragarriko du festa, gainera berritasunekin. Pregoia 13:00etara aurreratuko da goizetik giroa berotzen joateko.

“Aurten, azkenik, Aratusteez normaltasun osoz gozatu ahal izango dugu. Jaia erdizka bizi izan genuen 2022an, koloretsua desfilearekin, baina funtsezko beste osagai batzuk falta ziren, hala nola herri bazkariak. Azken hauek adin ezberdinetako mila lagun bilduko dituzte berriro frontoian eta kiroldegian”, adierazi du Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak. Programaren aurkezpenean Inma Miguel Kultura teknikariak, Atxabaltako Karnabalen Lagunak, eta txistulari taldearen eta Leizarra Musika Eskolako ordezkariek ere parte hartu dute.

Caberok nabarmendu du, gainera, “festarako gogoa giroan” nabaritzen dela, eta batez ere “atzeratuenei”, mozorroak prestatu eta kalera ateratzera animatu ditu, “atxabaltarrentzat hain berezia den egunaz gozatzeko”.

Elektrotxarangak, kuadrillen desfilea, Txino dantza, herri bazkariak eta kontzertuak izango dira egitarauaren buru. Jaia Txapel Txinekin hasiko da larunbat honetan eta otsailaren 21ean agurtuko da Txinen hiletarekin.

“Aurten Karnabalen Lagunok jaia goizetik hastea erabaki dugu eta, horregatik, Txapel Txinek pregoia 13:00etan emango du”, azaldu du Ibai Zangituk taldearen izenean. Ondoren, Inauteriei ongietorria emateko eginkizuna bere gain hartzen duen pertsonaia maitagarriak hartu du hitza, eta herritar guztiak animatu ditu “alaitasunaren eta poztasunaren” jaien hasieran parte hartzera, txapela jantzita. “Egun osoan musika, kolore asko eta giro ezin hobea egongo dira. Gora Txapeltxin! Gora Karnabalak!”, oihukatu du Txapel Txinek.

Leizarra Musika Eskolaren ikuskizuna

Leizarra musika eskolak ere bere ikuskizuna ospatuko du hilaren 17an. Horrela, eskolako lapurrak (aurten ikasleek jantziko duten mozorroa) kalejiran joango dira Herriko plazatik kiroldegira. Ikuskizuna18:00etan hasiko da eta, bertan, ehun bat dantzarik parte hartuko dute, eskolako txistulari bandak eta gaiteroek lagunduta. Euskal Herriko Inauterietako hainbat dantza taularatuko dituzte.

Kultura teknikari den Inma Miguelek egitarauaren beste xehetasun batzuk eman ditu. Aipatu duenez, hilaren 18an bolo txapelketa jokatuko da. Hurrengo egunean, igandean, txistularien diana eta Txino dantzaren ondoren, koadrilen desfilea hasiko da, 12:00etan (sariak 18.45etik aurrera banatuko dira). Arratsaldean, Gesaltza txarangaren animazioa, DJa eta Santa Ageda neska-mutilen dantzak izango dira.

Nerabeentzako hitzordua

Aisialdiaz modu dibertigarri eta osasungarrian gozatzeko jarduerak eskaintzen dituen Bixi proiektuaren barruan, otsailaren 19an, igandean, 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek hitzordua izango dute 16:30etik aurrera. Arkupe inguruan taldeen artean lehiatzeko laser tag jokoaren saioan parte hartu ahal izango dute, baita zonbien gaian girotutako escape room batean ere.

Kartel lehiaketaren saria Gasteizera doa

Guztira 41 lan aurkeztu dira 2023ko Aratusteen irudia aukeratzeko deitutako kartel lehiaketara. Luis Angel Argote gasteiztarrak irabazi du, 300 euro eskuratuz. Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak “oso positibotzat” jo du aurten lehiaketak izan duen erantzuna, “ez bakarrik aurkeztutako proposamen kopuru handiagatik, baita kalitateagatik ere”.

Luis Angel Argotek ibilbide profesional luzea du atzean, eta Aretxabaletako lehiaketan estreinatu da. Deigarria egin zitzaion kartel irabazlearen protagonista den Txapel Txin pertsonaia, eta Aretxabaletako Aratusteen ezaugarri diren beste xehetasun batzuei ere erreparatu zien, hala nola Txino dantzaren dantzarien oinetakoei. "Zine kartela balitz bezalakoa da, Inauteriak ere emanaldi bat direlako; mozorro batean sartuta egun batez hartzen den papera", adierazi du artistak.

Argote Arte Ederretako lizentziatua da, ikus-entzunezkoen espezialitatean. Eskarmentu handia du diseinu grafikoan, publizitatean, bideoan eta 3Dko animazioan, eta egunkarietan tira komikoak eta karikaturak sinatzen ditu.

 IKUSI EGITARAUA