Terrazen ordenantzarako ekarpenak jasoko ditu Udalak

2020/10/23

. Ostalariek eta herritarrek udalaren webgunearen bidez, edo udaletxean entregatuz, egin ahal izango dituzte proposamenak, gaurtik azaroaren 9ra arte

. Lehenengo udal ordenantza honek mahaiak, aulkiak eta bestelako altzariak jartzeko arauak eta irizpideak ezarriko ditu

Aretxabaletako Udalak bide publikoan mahaiak, aulkiak eta ostalaritzarekin lotutako beste altzari batzuk jartzea arautuko duen lehen udal ordenantza egingo du. Hasteko, prozesu parte-hartzaile bat irekiko da, ostalariek eta herritarrek zerbitzu horrek bete behar dituen baldintzei buruzko proposamenak egin ditzaten.

Ekarpenak www.aretxabaleta.eus webgunean egingo dira, gaurtik azaroaren 9ra bitartean. Horretarako, Klik batean – Parte hartzea atalean, Egin zure ekarpena sakatu beharko da, izen- abizenak, NANa eta dagozkion proposamenak sartuz. Udaletxeko harreran ere entregatu ahal izango dira. Iradokizun guztiak Udalak aztertuko ditu ordenantza berria zehazteko orduan.

Orain arte araurik egon ez izanak batzuetan "ziurgabetasun egoerak" eragin ditu ostalarien eta bizilagunen artean, une bakoitzean egokitzat jo diren irizpideak aplikatu baitira. Helburua, beraz, bide publikoan terrazak nola jarri arautzeko eta baimentzeko jarraibideak eta irizpideak zehaztea da. Gainera, Covid-19k ostalaritzan sortutako egoerak areagotu egin du erabilera erregularizatzeko araudi propioa izateko beharra.

Hala, ordenantzak arautuko ditu kalea okupatzeko baldintzak, terraza osa dezaketen elementuak, konpondu nahi diren arazoak, beraiengandik hurbil bizi diren herritarrekiko bizikidetza ona, espazio publikoaren erabilera arrazionala oinezkoentzako irisgarritasuna bermatzeko, besteak beste.

Ordenantzak indarrean sartu aurretik, onartu eta alegazioak aurkezteko administrazio-urrats guztiak gainditu beharko ditu. Hala ere, terrazen zerbitzua hobetu nahi duten ostalaritza-establezimenduek beren eskaerak udaletxera eraman ahal izango dituzte azter ditzaten. 

EKARPENA EGITEKO EGIN KLIK HEMEN