‘MADAMA BUTTERFLY’ opera otsailaren 14an proiektatuko da Arkupen

2020/01/31
Igande honetan @r emociones antzerki taldeak ‘Desbloqueadas’ ikuskizuna taularatuko du. Otsailaren 29an Fun Dantz dantza urbanoen jaialdiak girotuko du kiroldegia.

Opera Arkupeko pantaila handira itzuliko da otsailaren 14an. Giacomo Pucciniren obrarik ezagunena, Madama Butterfly, bertsio digitalean eskainiko dute. Ikuskizuna Handa operan garatzen da, Sidney-eko badiako -Australian- uretan prestatutako agertoki ikusgarrian. 19:30ean hasiko da, eta sarrerak dagoeneko salgai daude, bost euroren truke.

La Fura dels Baus konpainiako zuzendari artistiko den Alex Ollé katalanak egindako Pucciniren obraren bertsioan, Hiromi Omura soprano japoniarra eta Georgy Vasiliev tenorea pertsonaia nagusien azalean sartzen dira, Cio-Cio San eta Pinkertonenean, hain zuzen.

Madama Butterfly otsaileko kultur egitarauaren proposamenetako bat da, baina ez bakarra. Antzerkiak, txotxongilo erakusketak, bederatzi pelikulak eta Fun dantz jaialdiak osatzen dute programa.

Horrela, igande honetan (otsailak 2) @r emociones antzerki konpainiak Desbloqueadas ikuskizuna aurkeztuko du Zaraia aretoko taula gainean (19:00). Otsailaren 6tik 29ra, aldiz, Corrado Masacci italiarraren Igelaren itxuraldaketa txontongilo erakusketa egongo da ikusgai Arkupen. Urte askotako lanaren emaitza da erakusketa hau. “Igelen metamorfosia izenburua aukeratu dut anfibio hauen ezaugarririk garrantzitsuenetarikoa izateaz gain, objetu bakar baten eraldatze prozesuan metamorfosia dagoelako, nire ustez. Horren kasu izan daiteke arrautza-ontzi bat igel-txotxongilo bat bilakatzea”, adierazi du Corradok.

Hilaren 15ean, Ane Gebarak Liburutegiko sekretuak ipuin kontaketa saioa eskainiko du, liburutegian (11:30), eta 29an, Fun dantz jaialdia Ibarra kiroldegira itzuliko da (18:30). Udalak eta BreakONStage jaialdiak antolatzen duten ekitaldia Euskal Herriko dantza urbanoen talde onenen koreografien erakusleihoa izango da beste behin. Oraingo honetan 21 taldek parte hartuko dute. Sarrerak astelehenetik aurrera erosi ahal izango dira Arkupen (hiru eurotan; eta leihatilan, bost eurotan).