‘Nomadak’ haurrentzako antzezlanak irekiko du larunbatean martxoko kultur programa

2022/03/02
Dantza urbanoen Fun dantz jaialdia Ibarrara itzuliko da hilaren 26an. Mikel Zamora aretxabaletarrak bere lehen EPa aurkeztuko du martxoaren 25ean Zaraia aretoan.

Familiei zuzendutako Nomadak antzezlanak irekiko du datorren larunbatean martxoko kultur agenda. Gasteizko Teatro Paraiso konpainiak jakin-min handiko bi emakume nomaden inguruko ikuskizuna aurkeztuko du taula gainean. Saka eta Taman dira emakume hauek, eta esperientzia berrien bila lurralde ezezagunak ezagutzea maite dute. Egun batean, munduan noraezean, sorpresaz beteriko leku bitxi, desordenatu eta kaotiko batera heltzen dira, eta maitekiro zainduko duten arrautza erraldoia aurkitzen dute.

Haurrentzako bigarren hitzordu bat ere izango da. Tomaxen abenturak pailazoen eskutik, martxoaren 27an etxeko txikienek Adi, grabatzen, ekin! ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango dute. Martxoaren 17an (euskaraz) eta 24an (gaztelaniaz), aldiz, Extremaduratik bertsolaritza hitzaldia eskainiko du Jon Maia bertsolari, idazle eta abeslariak. Bi ekintza hauek Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan kokatzen dira.

Musikari dagokionez, Mikel Zamora aretxabaletarrak bost abestiz osatutako bere lehen EPa aurkeztuko du. Indie ukituak dituen pop-rock estiloko disko intimo eta pertsonala da, non Mikelek bere bizipenak, desioak eta fantasiak adierazten dituen. Martxoaren 25ean egingo den kontzertuan Aretxabaletako musikariak Itoiz, Los Piratas, Keane, Zarama eta Tracy Chapman bezalako artista eta talde ezagunen abesti arrakastatsuak ere intepretatuko ditu. Oholtza gainean Raul Vera (gitarra), Iñaki Peña (bateria), Javi Arteaga (pianoa), Bruno Higueras (baxua) eta Raquel Roche (koruak) izango ditu lagun.

Hurrengo egunean, martxoaren 26an, dantza urbanoen Fun dantz jaialdia Ibarra kiroldegira itzuliko da. Guztira 17 taldek hartuko dute parte lehiaketan, bi kategoriatan banatuta: juniorrak (15 urtetik beherakoak) eta absolutuak (16 urtetik gorakoak).

Zine karteldegian, bestalde, Muerte en el Nilo eta Licorice  pizza helduentzako pelikulak eskainiko dira. Haurrentzako, ordea, Ainbo: Amazoniako gerraria eta Encanto filmak proiektatuko dituzte.

Martxoan zehar Matilde Sainz, Arantza Baskaran eta Amaia Aranzabal margolari arrasatearren erakusketa ere hartuko du Arkupek. Gainera, martxoaren 30etik apirilaren 1era Huhezinema euskal film laburren jaialdiaren hamabosgarren edizioa ospatuko da.

Ikuskizun eta proiekzioetarako sarrerak salgai daude Arkupen eta ONLINE.

EGITARAUA