Udalak etxebizitzak alokatzeko dirulaguntzak emango ditu, gazteen emantzipazioa errazteko

2022/04/06
100 eta 250 euro artekoak izango dira, diru-sarreren arabera. Laguntzak 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude, eta banaka edo bizikidetza- unitatean eskatu ahal izango dira. Etxebizitzaren alokairuaren prezioa ezingo da 650 eurotik gorakoa izan hilean.

Aretxabaletako Udalak gazteei etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzeko dirulaguntzen programa jarriko du abian, emantzipazioa ahalbidetzeko. Deialdiaren helburua, halaber, herrian hutsik dauden etxebizitzak alokairuaren merkatuan sartzea da.

Xabi Otxoa zinegotziak, Ainhoa Cabero Gazteria zinegotziak eta sail horretako teknikariak, Maider Etxanizek,  aurkeztu dute Udalak azken hilabeteetan landu duen laguntza programa berri hau. Otxoak azaldu duenez, programa hau gazteei zuzendutako politikak bultzatzearen aldeko apustua da. “Etxebizitza bat eskuratu ahal izatea beharrezko urratsa da beren bizi proiektua garatzeko. Emantzipatzeko batez besteko adina 30 urtekoa da, eta laguntza ekonomiko hauek gazteei gurasoen etxebizitza utzi eta beren kabuz bizitzeko bidean laguntzeko aukera bat izan daitezke”, nabarmendu du Otxoak.

2022ko aurrekontuek 30.000 euroko partida bideratzen dute programa honetara. “Orain ikusi behar dugu zer erantzun jasotzen duen deialdiak, eta horren arabera aurrekontu hau  egokitzen joango gara datozen urteetarako”, zehaztu du Otxoak.

Dirulaguntza hauek arautuko dituzten oinarriak onartuta daude eta eskabideak aurkezteko epea laster irekiko da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Urriaren 30era arte egongo da zabalik.

Laguntzak 100 eta 250 euro artekoak izango dira hilean, eta diru-sarreren arabera kalkulatuko dira. Etxebizitzaren alokairuaren prezioa, bestalde, ezingo da 650 eurotik gorakoa izan, eranskinak barne.

Dirulaguntzak jasotzeko zenbait baldintza bete behar dira:

  1. Alokatutako etxebizitzak eskatzaileen ohiko bizilekua izan beharko du, eta alokairu-kontratuak gutxienez 12 hilabeteko iraupena izan beharko du.
  2. Laguntzak banaka edo bizikidetza-unitate gisa eska daitezke.
  3. Adina: 18 eta 35 urte bitartean izatea, bizikidetza-unitatearekin bizi diren mendeko adingabeen kasuan izan ezik.
  4. Erroldatzea: Azken bi urteak etenik gabe, edo Aretxabaletan 10 urtez erroldatuta egon izana.
  5. Ez eskatzaileak ez bizikidetza-unitateko kideek ezin izango dute izan beren jabetzako etxebizitzarik.
  6. Alokairuko etxebizitzan bizi diren pertsona guztiek bertan erroldatu beharko dute. Datu hori dirulaguntza jaso aurretik egiaztatuko da.
  7.  Diru-sarrerak gehienez ere:
    1. 28.000 euro gordin urtean, banakako eskaera bada.
    2. 44.000 euro gordin urtean, eskaera bizikidetza-unitate batena bada.
  8. Onuradunek ezingo dute urtean 18.000 euro gordin baino gutxiagoko diru-sarrerarik izan, ezta 28.000 euro gordin baino gehiagoko diru-sarrerarik ere, eskaera indibiduala bada.
  9. Diru-sarreren osaerari dagokionez, mugaeguneratutako azken ekitaldi fiskaleko kapital-errentetatik datozen etekin gordinen zenbatekoa ezin izango da urtean 600 eurotik gorakoa izan.
  10. Ezin izango da familia-loturarik egon dirulaguntzaren onuradunen eta errentariaren artean, odolkidetasunezko edo ahaidetasunezko bigarren mailara arte.
  11. Indarrean dagoen etxebizitzaren errentamendu-kontratuak ezingo du 12 hilabete baino gutxiagoko iraupena izan.
  12. Onuradun bat bera ere ez izatea, aldi berean, alokairu kontzeptuko beste inolako laguntzaren onuradun, diruz lagundu daitekeen aldi osoan.
  13. Dirulaguntzaren eremutik kanpo geratuko dira honako egoera hauetakoren batean dauden etxebizitzak:
    1.  Babes publikoko etxebizitzak.
    2. Bizigune programaren barruan alokatutako etxebizitzak.
    3. Gela-alokairuak.
    4. Etxebizitza gisa erabilitako lokalak.
    5. Hilean 650 eurotik gorako alokairu-etxebizitzak.
    6. Urtebetetik beherako iraupena duten alokairu-kontratuak.
    7. Erosteko aukera ematen duten alokairu-kontratuak.
  14. Dirulaguntzak non eta nola eskatu: 

    1. Dirulaguntzak telematikoki eskatu behako dira. Horretarako, Izenpe edo BakQ beharko dute interesdunek. BakQ-a udalean eska daiteke.
    2. www. aretxabaleta.eus atarian, tramiteak atalean diru laguntzak klikatuta.
  15. Dirulaguntzen zenbatekoa.

Diru-sarrera gordinak            alokairuaren %           Gehieneko dirulaguntza        

 Eskatzailea                  25.000,01-28.000                 %20                              100 €

                                        22.000,01-25.000                  %30                             150 €

                                         20.000,01-22.000                  %40                             200 €

                                Diru-sarrerak <20.000                  %50                             250 €

Bizikidetza-unitatea 39.000,01-44.000                   %20                            100 €

                                        34.000,01-39.000                  %30                            150 €

                                        29.000,01-34.000                  %40                            200 €

                                    Diru-sarrerak <29.000              %50                            250 €

Dirulaguntza gehienez hamabi  hilabeterako izango da; hurrengo urtean beste deialdi bat egiten bada, beste eskabide bat egin beharko da laguntza hauek jasotzen jarraitu ahal izateko.