‘Loratu’ udako programak udaleku ezaren ondorioz sortutako beharrei erantzungo die

2020/06/10
Zerbitzua, segurtasun neurrietara egokituta, uztailaren 6tik 24ra arte egongo da martxan. 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat 170 plaza eskainiko dira.
Udaleku ezaren ondorioz herrian sortutako beharrak asetzeko, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako (Lehen Hezkuntza osoa) Loratu uda programa jarriko dute martxan. Koronabirusak sortu duen salbuespenezko egoeraren aurrean familia eta lana bateragarri egiten laguntzeko zerbitzua da, udalekuak bertan behera utzi ondoren.

Loramendi Euskara Elkarteak udako ekimen hau martxan jartzea proposatu dio Udalari eta bi aldeen artean borobildu dute egitaraua. Zerbitzua uztailaren 6tik 24ra arte izango da, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara. Guztira 170 plaza eskainiko dira, eta betetzen badira zenbait taldek lehentasuna izango dute: guraso bakarrak edo bananduak, euskaraz hitz egiteko eta sozializatzeko premiak, edo behar bereziak dituzten haurrak, eta bi gurasoak lanean dituztenak.

Segurtasun eta higiene neurri guztiak betetzea da helburua, beraz, ez da jarraituko urteroko plazan batzeko metodoa. Talde bakoitzak bere erreferentzia gunea izango du, eguneroko ekintzak hasiera eta amaiera emateko balio izango duena. Funtzionatzeko modu horrek hiru gunetan banatuko du herria, begirale batek zuzendutako zazpi kidez (aldaketak egon daitezke) osatutako taldeen arteko kontaktua saihesteko.
 
IZENA EMATEKO EPEA EKAINAREN 18RA ARTE DAGO ZABALIK

Izen-ematea online egin behar da esteka honetan:

https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSewYwE2o0T4f03ndq20W0ek-BFOTsdSXf19RQysbVybGAAjTg/viewform?vc=0&c=0&w=1

Epea ekainaren 18ra arte egongo da zabalik eta matrikulagatik 85 euro ordaindu beharko dira (familia bereko hirugarren kidearentzat doakoa izango da).

Hemen LORATU programaren oinarriak.