Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibako bazkide egiteko bulegoa irekiko da datorren asteazkenean
Leintz Bailarako Ekiola Kooperatiba martxan jartzeko eguzki-parkeko lanak azaro-abendu artean abiatuko dira, eta, aurreikuspenen arabera, martxo-apirila artean egongo da abian proiektua.
Kooperatibako bazkide izan eta etxean edo komertzioan energia berriztagarria jaso nahi duten herritarrek bazkidetza fasea burutu beharko dute orain. Halaber, bazkide egin edota Ekiolaren inguruko informazio gehiago izan nahi duen edonorentzat arreta-bulegoak irekiko dira datorren astetik aurrera: Arrasateko BAZen (astearteetan, ostegunetan eta ostiraletan); Aretxabaletako Murrukixoko lokalean (asteazkenetan), eta Eskoriatzako udaletxean (astelehenetan).
Aretxabaletako kasuan, astebete goizez zabalduko dituzte arreta zerbitzuak (8:30etik 14:30era), eta hurrengo astebetean arratsaldez (14:00etatik 20:00etara). Hilaren 19an jarriko dute martxan, arratsaldez.
10.000 metro karratuko zabalera eta 2.300 panel fotovoltaiko izango ditu Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean kokatuko den eguzki-parkeak. Parkearen aurrekontua 1.700.000 euro ingurukoa da eta sorrera horretan bi ekarpen esanguratsu daude: batetik, Fagor Taldeak egindakoa, 335.400 euro; bestetik, Europatik jasotako Next Generation funtsak, 644.000 euro. Horrenbestez, ia milioi bat euro ditu dagoeneko Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibak.
Proiektuaren potentzia 1,25 MWp-koa izango da eta energia sorkuntza 1,35 GWh/urtean. Honek emango luke 600 bat familiaren kontsumoaren %100 lortzeko ahalmena. Halaber, energiaren kostua 45 €/MWh izango da kooperatibako bazkideendako.
Dagoeneko izena eman duten familiei urriaren 17tik aurrera txosten pertsonalizatuak helaraziko zaizkie, bakoitzaren ekarpen zehatza eta aurreztuko dutena zehaztuz.
Bestalde, Ekiluz enpresa merkaturatzailea eratu dute, sortutako energia berriztagarria banatzeko.
Familia eredua
2.200 kWh-ko kontsumoa duen hiru pertsonako etxebizitza baten kasuan, familiaren hasierako inbertsioa 1.239 euro litzateke, guztira –Ogasuneko desgrabazioa jaso aurretik: 1.458 euro–. Eta, esan bezala, familiek hasieran egindako ekarpena hiru urte eta erdian berreskuratuko lukete.
Halaber, erreferentzia moduan, familia eredu berak gaur egun daukan urteko faktura 780 euro ingurukoa da. Horrenbestez, aurreikuspenen arabera, gaur egungo prezioekin alderatuta, %25-30eko murrizpena izango luke fakturan.
LEHENGO URTEA:
- Partaidetzagatiko aurreztea: -144,09 euro (%20)
- Kenkariak: -218,55 euro (%29,5)
- Ekarpenaren itzultzea: -48,60 euro (%6,5)
- Lehenengo urtean aurreztutakoa: %56
BIGARREN URTEA:
- Partaidetzagatiko aurreztea: -144,09 euro (%20)
- Ekarpenaren itzultzea: -48,60 euro (%3,3)
- Bigarren urtean aurreztutako: %26
Proiektuaren sustatzaileak honako hauek dira: Energiaren Euskal Erakundea, Krean S.Coop, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako udalak, Fagor Taldea, D2030 eta Goiena Komunikazio Taldea.