Garikoitz Iturbe eta Eider Mendozak erakundeen arteko lankidetzaren beharra adierazi diote elkarri

2024/05/03

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Aretxabaletako alkate Garikoitz Iturbek bilera egin dute aste honetan. Diputatu nagusiak herrialdeko udaletara egiten diharduen bisiten baitan, gertutik ezagutu ditu Aretxabaletako proiektuak eta beharrak.

Aretxabaletako alkateak herriak dituen zerbitzu eta proiektuen berri eman dio diputatu nagusiari, eta adierazi dio herri haundiagoek dituzten zerbitzuak ematen direla Aretxabaletan, baina sarrera gutxiagorekin; eta, ondorioz, zerbitzu horiek mantendu, zerbitzu berriak martxan jarri eta inbertsio ezberdinen arteko oreka mantentzea ez dela erraza.

"7.000 biztanleko herria gara, beraz, tamaina ertainekoa, baina herri handiago baten antzeko zerbitzuak eskaintzen ditugu, aurrekontu askoz txikiagorekin", adierazi du Garikoitz Iturbek.

Eider Mendozarekin hitz egindako gaien artean, Garikoitz Iturbe alkateak hirutan jarri nahi izan du arreta:

Alde batetik, Aretxabaletan egiten ari den zaintza-ekosistema baterako proiektua eta horrek etorkizunean izango duen garapena azaldu ditu alkateak. Era berean, azpimarratu du osasun-zentro berrian abian jarriko den zentro soziosanitarioak erakunde guztien babesa izan beharko lukeela horrelako proiektu berritzaile bat gauzatu ahal izateko.

Bestetik, bigarren gaiari dagokionez, Garikoitzek esan du oso garrantzitsua dela erakundeen arteko lana bailarako garraio publikoa eta hiriburuekiko loturak hobetu ahal izateko. Atal horren barruan, gure bailarak oraindik dituen gabeziak eta horiek konpontzeko beharra gogorarazi ditu. Diputazioa eta debagoieneko alkateak hasiak dira dagoeneko beharrak identifikatu eta hobetzeko bideak bilatzen.

Azkenik, Urkuluko urtegiaren garrantzia nabarmendu nahi izan du, bere alderdi guztiak kontutan hartuta. Batetik, bertako biztanle eta abeltzainen beharrak, eta, bestetik, aisialdi gune bezala eremuak duen eguneroko erabilera edo erabilera turistikoa nabarmendu nahi izan ditu. Alde horretatik, inguruko azpiegiturak mantendu ahal izateko finantziazio-beharra adierazi du, azpimarra berezia eginez aisialdi-gunean (bidegorri-zubia, eserlekuak, seinaleak...) eta urtegia inguratzen duen bidean. Inguruak duen balio ekologikoa ere nabarmendu du, eta amaitzeko, biztanleen, abeltzainen eta aisiaz gozatzen duten pertsonen arteko bizikidetza ona lortzeko beharrezkoa den lanari buruz hitz egin da.

Bi aldeak aurrerantzean komunikazio kanalak zabalik mantentzeko konpromisoa hartu dute.