Udaltzaingoan agente berri bat sartu da

2020/03/27
Agente laguntzailea izango da karguaren izendapena ofizial egin arte. Arkauteko akademiako ikaslea Udaltzaingoan sartu da COVID-19 gaitzaren ondorioz zerbitzua indartzeko.

Agente berri bat sartu da aste honetan Aretxabaletako Udaltzaingoan. Galdakaotarra da, 27 urte ditu eta agente laguntzaile gisa dihardu asteartetik, udaltzain behin betiko izendatzeko zain.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, Arkauten, prestakuntza jasotzen ari diren 300 udaltzain hautagaietako bat da. Koronabirusaren hedapena geldiarazteko neurrien baitan, irakaskuntza-jarduera aldi baterako eten da, eta Ertzaintzaren 28. promozioko 617 ikasle ere hartzen ditu barnean.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ikasle horiek mobilizatu ditu COVID-19 gaitzaren aurrean polizia zerbitzuak indartzeko, “ahal dituzten eskumenen barruan" zereginak garatzeko helburuarekin, oraindik ez baitaude agente izendatuta.

Udan izendapen ofiziala jasoko du udaltzain berriak. Hutsik dauden bi plazetako bat bete du eta, horrela, lau dira gaur egun udaltzainak. Udaltzain-buru plaza bete gabe dago, eta datozen hilabeteetan deialdia martxan jartzea espero dute.

Unai Elkoro alkateak adierazi du herritarren segurtasuna 'lehentasuna' dela Udalarentzat, eta helburu hori lortzeko “baliabide garrantzitsuena” Udaltzaingoa dela. Alarma egoeraren dekretua betetzen dela bermatzeko udaltzainak egiten ari diren lana ere nabarmendu du alkateak.

ZAINTZA AREAGOTU DA HERRIAN

COVID-19ren hedapena saihesteko alarma egoera ezarri zenetik, astelehenetik igandera Udaltzaingoaren zaintza indartu da, herriko kaleetan, eta baita zabalik dauden denden, farmazien, osasun etxearen eta Eroski supermerkatuaren inguruetan ere. Ibilgailuen erabilera eta herritarren oinezkoen joan-etorriak ere kontrolatzen ari dira, erabilera mugatuko arauak aplikatuz.

Denbora honetan 300 bat esku-hartze baino gehiago egin dira hainbat arrazoirengatik, batez ere, ibilgailuen mugikortasunarekin eta txakurra etxebizitzatik urrun paseatzearekin lotutakoak. Azken hau konfinamenduaren salbuespena da, baina muga batzuk ez betetzeak 100 eta 30.000 euro arteko isunak jaso ditzakete, edo 600.000 euro artekoa ere oso larria bada.

Hala ere, Udaltzaingotik nabarmendu dutenez, atxabaltarrek konfinamendu egoerari emandako erantzuna "egun batetik bestera hobetuz doa". Hori dela eta, Udalak pandemiaren aurka hartutako neurrien aurrean “herritarren inplikazioa” eskertzen du.