Aretxabaleta eta Eskoriatza udalerrietan Gazteen Ongizate emozionalaren diagnostikoaren bigarren fasea martxan da
Adikzioen fenomenoa aldakorra da, eta beraz, bere garaian martxan jarritako ekintzak aztertu, ebaluatu eta eguneratzeko beharra ikusi dute Aretxabaleta eta Eskoriatzako Udalek, hainbat eragileekin batera, izan ere herritarren bizi kalitatean eragin esanguratsu eta zuzena duen arazo bat da.
Ekainean aurkeztu, eta abian jarri zen prozesua udako etenaldiaren ostean, berriro ere, martxan da.
Egitasmoak ongizate emozioanalaren inguruko argazki bat ateratzea du helburu, hainbat aldagai aztertuz: adikzioak, nerabeen aisialdia, harremanak edota elikadura ohiturak, besteak beste.
Ekainean, prozesuaren abiapuntu gisa, DBHko ikasleekin topaketa bat egin zen eta bertan beraien bizi-ohituren, kontsumoen eta bestelako jarreren inguruan hitz egiteko aukera izan zuten.
Orain, urrian zehar, Lehen Hezkuntzako 5 eta 6.maila, DBH, Batxilergoa, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Erdi mailako 1.go mailako Lanbide Heziketako ikasleek inkesta bat beteko dute, informazioa osatzeko.
Herritarren eta eragileen Foroak
Gazteak,herriko komunitatearen parte diren heinean, herritarrek ere diagnosi honetan zeresan handia dutela uste dugu. Izan ere, eta gazteengan eragin nahi badugu, komunitareaen argazkia izatea ezinbesteko da. Horregatik, herritarrak eta herriko eragileak parte hartzea garrantzitsua dela deritzogu.
Zentzu honetan, prozesuari jarraipena emateko gizarte eragileen eta herritarren Partaidetza foroak antolatu dira, udalerrietako gizarte ordezkaritza zabala gonbidatuz. Foro hauek, udalerrietan drogen kontsumoarekin eta bestelako adikzioekin, zein hauei loturiko arrisku eta babes faktoreekin lotutako errealitatea ezagutzeko balioko dute.
Zehazki, hiru parte hartze foro eta galdetegi bat prestatu dira horretarako.
Hona hemen parte hartze foroen inguruko informazioa:
1.- Hezkuntza formala, ikastetxeak, gurasoak, guraso elkarteak eta osasungintzako profesionalak. Urriaren 9an egingo da lehenbiziko foroa, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean arratsaldeko 18:00etan.
2.- Hezkuntza ez formala, udal teknikari eta zinegotzien foroa Urriaren 16an, Eskoriatzako Kultur Etxean izango da arratsaldeko 18:00etan.
3.- Herrietako elkarte eta dendari-ostalariek osatzen duten foroa, Urriaren 23an egingo da Arkupe Kultur Etxean arratsaldeko 18:00etan
Herritarren batek foroan parte hartu nahi badu, idatzi dezala email bat ondorengo helbideetako batera:
partehartze@aretxabaleta.eus edo prebentzioa@eskoriatza.eus helbideetara urriaren 8a baino lehen.
Herritarrei zuzendutako galdetegia
Herritar eta eragileen foroaren hasierarekin batera, urriaren 9an herritarrei zuzendutako galdetegia zabalduko da; ikastetxe, udal webgune, elkarte eta whatsapp bitartez.
www.aretxabaleta.eus eta www.eskoriatza.eus webgunetan zintzilikatuko da eta urriaren amaiera arte erantzuteko zabalik egongo da.
Herritarren foroak eta galdetegiak nahiz ikasleen foro eta galdetegien emaitzak 2024ko abendu eta 2025eko urtarrilean aurkeztea aurreikusten da.
Diagnostikoaren ondoren zer?
2025ean zabalduko da prozesuaren azken fasea. Fase honetan, osasunerako prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza zein arlo komunitarioan garatu daitezkeen neurri zehatzagoak definituko dira, datozen urteotan garatuko diren lehentasunezko esku-hartze lerroak ezarriz.
HERRITARREN PARTE HARTZE GALDETEGIA