Gipuzkoa plazako gune estalia eta plaza berriztea
Gobernu taldeak, herrian jarduera ezberdinak garatu ahal izateko gune berriak sortu eta daudenak egokitzeko konpromisoa hartu zuen. Horretaz gain, auzoetara zerbitzu eta jarduera gehiago deszentralizatzearen helburua ere badu Udalak.
Helburu horiek betetzeko, Gipuzkoa plazan gune estali bat egiteko eta plazaren urbanizazioa hobetzeko proiektuaren idazketa enkargatu da.
Ahalik eta behar gehienei erantzuteko espazio estali bat izatea litzateke asmoa. Horrela, ziburu eremu bat estali nahi da, txikienek ere jolastu ahal izan dezaten eguraldi txarra dagoenean. Horregatik, dauden ziburuak handitzea eta aldatzea ere nahi da proiektu honekin.
Baina, aldi berean, ziburu gabeko espazio bat sortzea nahi da. Hau da, jarduera desberdinetarako aprobetxa dadin eta beste jolas batzuetarako erabil dadin. Horrela, espazio horretan bankuetan atseden hartu ahal izango da, patinekin jolastu, hainbat kultur ekintza egin, auzoko jaiak,...
Proiektu hau idazteko ardura Behark arkitekto-taldeari eman zaio. Talde horrek proiektu ugari egin ditu, horietako batzuk sarituak. Hasierako planteamendua egiteko ardura dute, bai estalitako eremuari dagokionez, bai plaza osoaren urbanizazioari dagokionez.
Proiektua enkargatzerakoan udalak argi utzi du aipatutako gunea inguruan ondo txertatua egon beharko litzatekeela. Horrela, etxeetara egon behar den distantzia errespetatzea eta bistak ez kentzea ezinbesteko baldintza dira.
Hasierako planteamendua egin ondoren, ahalik eta ekarpen gehien biltzen saiatuko da, gero behin betiko proiektua egiteko. Proiektua egin ondoren, obra lizitatu egingo da, ahalik eta lasterren egiteko.
Obra horrek 400.000 eta 450.000€ arteko inbertsioa ekarriko du, eta oraindik baloratu gabe dagoen urbanizazioa gehitu beharko zaio. Hori guztia gobernu-taldea idazten amaitzen ari den aurrekontuetan jasoko da, 2025ean gauza dadin.
Proiektu honekin, Aretxabaletan asko eskatzen den azpiegitura bat lortuko da, Portasol auzoan egongo dena, auzoa biziberritzeko beste elementu bat izateko asmo argiarekin.