Geurea ikurrina
Epaiaren aurrean, Aretxabaletako Udalak ondorengo adierazpena helarazi nahi dio herriari:
Herriak aukeratzen ditu bere ikurrak, bereak egiten ditu, eta horregatik dira herriaren ikur. Aldiz, legearen indarrez inposatuak badira, orduan inposizioaren ikur bihurtzen dira.
Aretxabaletan ikurrina gure banderatzat dugu. Geuretzat duguna ez dela gurea esaten digute.
Neurri horrek aretxabaletarren borondatearekiko errespetu falta adierazten du, eta askatasunez erabakitzeko eskubidearen ukapena.
Jatorri askotako jendez osatutako aberria gara. Ez ditugu banderak eta koloreak gutxiesten. Are gehiago, ordezkatzen dituzten lurraldeetako ikur izatea zilegi dela deritzogu argi eta garbi. Baina, era berean, argi dugu nongoak garen eta zerk ordezkatzen gaituen.
Gure nortasuna eta gure izatea ukatu nahi dutenen aurrean herri gisa erantzutea ezinbestekoa dela uste dugulako, Aretxabaletako Udalak herritar guztiei dei egiten die etxeetako leiho eta balkoietan ikurrina zintzilikatzeko apirilaren 3tik 13ra bitartean eta ikurrinaren alde egiten diren ekimenetan parte hartzeko.
Nor garen eta zer gura dugun esateko: zutik eta ikusgai!
Gora Euskal Herria! Gora ikurrina!