Hirigintza Plana herritarren parte-hartzera deituz abiatzen da
Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) definitzeko prozesua azaroan hasiko da, udalerriaren egungo egoeraren diagnostikoa egiteko hasierako fasearekin. Aretxabaletako etorkizun urbanistikoaren diseinua herritarren inplikazioarekin egin nahi da. Herritarrek parte hartu ahal izango dute lurzoruaren erabilerak arautuko dituen plangintza-tresna hau zehazten; hau da, zer, non eta zenbat gauzatu ahal izango den udal eremu fisikoaren barruan.
Nahi dugun Atxabalta da HAPOa idazteko prozesuaren goiburua: etxebizitzarekin, espazio publikoekin, ekipamenduekin eta mugikortasunarekin, besteak beste, zerikusia duten gaietan hirigintza-arloko garapenak markatuko dituen ibilbide orria.
Unai Elkoro alkateak (EAJ) azaroaren 15ean abiatuko den herritarren partaidetzaren lehen fasea aurkeztu du gaur. Agerraldian, EH Bilduko bozeremaile den Ion Albizuk, Ibai Larrabe udal arkitektoak, Amaia Murgiondo Partaidetza arduradunak eta Udalak prozesuaren dinamizaziorako kontratatu duen Lur Studio enpresako Jone Belausteguigoitiak ere parte hartu dute.
Alkateak azaldu duenez, une honetan Aretxabaletak ez du hirigintza planik, 2000. urtekoak diren Arau Subsidiarioak baizik. "Garrantzitsua da plan hau idaztea Aretxabaletak bere beharretara egokitutako egungo tresna bat izan dezan", azpimarratu du Elkorok.
Alkateak nabarmendu du, gainera, hirigintzako araudi honek bere ildo nagusiak atxabaltarrekin batera zehaztuko dituela, "tokiko elkarteek, erakundeek eta herritarrek dutelako herriaren benetako ezagutza”. "Plan Orokorra udalerriaren garapenerako tresnarik garrantzitsuena da, eta herritarren, gizartearen eta politikaren artean ahalik eta adostasun handienaren emaitza izatea nahi dugu. Gure helburua da prozesu hau aukera bihurtzea datozen urteetarako nahi dugun herri ereduari buruzko eztabaida publikoa bultzatzeko; etorkizuneko Aretxabaletaren eraikuntzaren ikuspuntutik erronka nagusiak zeintzuk diren antzemanez”, azaldu du alkateak.
Elkorok herritarrei parte hartzeko gonbita ere egin die, prozesuan martxan jarriko diren kanal desberdinen bitartez.
Bestalde, Ion Albizu EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu du “gaur, denok batera hemen agertzeak” agerian uzten duela “esku artean dugunaren dimentsioa”. “Ez da edozein erronka, hurrengo urteetan herrian egingo dena eta egin ahalko dena zehaztuko baita; Aretxabaleta nola ulertzen dugun eta zein den gure ikuspegia jasoko dugu HAPOn”, adierazi du Albizuk.
Albizuren hitzetan, “Plan Orokor bat garatzea herritar guztien zeregina da; denon parte-hartzea ezinbestekoa da. Jendearen iritzia erabakiorra izatea derrigorrezkoa izango da hainbat momentutan benetako parte-hartzea izatea nahi badugu”. Aholku Kontseilua “lehenbailehen” eratzea ere espero du Albizuk, “bertan alderdiez gain, herriko eragile ezberdinak egongo baitira”. “Ezinbesteko erreminta da gaiek dituzten dimentsio guztiak kontuan hartzeko: etxebizitzak, industria, ekipamenduak, mugikortasuna, energia…. egongo dira mahai gainean”, gaineratu du Albizuk. Azkenik, bere taldea prest agertu da “guztia denon artean adosteko”.
Lehen fasea: diagnostikoa
Hirigintza Planaren lehen fasean udalerriaren egungo egoeraren erradiografia egingo da, eta, horretarako, partaidetza prozesu bat jarriko da abian. Prozesu hori hainbat bidetatik garatuko da:
1. Galdetegia: azaroaren 15etik abenduaren 3ra bete ahal izango da, www.hapo-aretxabaleta.eus/eu webgunean.
2. Hitzaldi-informatiboa: azaroaren 18an, 18:00etan, Arkupen.
3. Partaidetza saioa: azaroaren 24an, 18:00etan, Arkupen.
4. Eragile desberdinekin (ikastetxeak, erretiratuak, nerabeak, emakume taldeak, landa auzoetako alkateak…) ere saio bereziak egingo dira.
5. Hirigintza Plangintzako Aholku Batzordea deituko da. Organo honek zeregin garrantzitsua izango du Hiri Antolamenduko Plan Orokorra egiteko prozesu osoan. Gizartea, hezkuntza, industria, hirugarren adina, gazteak, nerabeak eta haurrak, kultura, kirola, ekologia eta ingurumena… arloetan lan egiten duten herriko berrogei bat talde eta elkartetako ordezkariek osatuko dute.
6. www.hapo-aretxabaleta.eus/eu webgunea jarri da abian. Bertan, prozesu osoaren eta hirigintza plan berriaren edukien berri emango da, baita parte hartzeko saioen xehetasunak ere.
Bederatzi lan-arlo
Hiri Antolamenduko Plan Orokorra bederatzi arlo edo gairen bidez egituratuko da: Ingurumena, Mugikortasuna, Espazio Publikoa, Etxebizitza, Jarduera Ekonomikoa, Ekipamenduak; eta zeharka: Ondarea, Jasangarritasuna eta Klima Aldaketa, Inklusibotasuna eta Osasuna.
Prozesu luzea
Hirigintza-estrategia zehaztuko duen plana idaztea prozesu luzea da, eta bost edo sei urtez luza daiteke. Hainbat fase ditu: diagnostikoa, HAPOren aurrerakina Plan Orokorraren hasierako onarpena, behin-behineko onarpena eta behin betiko onarpena.
Herritarren parte-hartzea sustatuko da fase desberdinetan. Diagnostikoa zehaztu ondoren, 2022ko otsaila eta martxoa bitartean Aretxabaletako garapenerako herritarren proposamenak eta alternatibak jasoko dira. Dokumentuaren aurrerapenean eta hasierako onarpenean ere, legeak agintzen duen bezala, epe bat egongo da herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izateko.