Hitzordu bikoitza asteburu honetan Otala Zelain
Asteburu honetan Aozaratza auzoko zelai ezagunean jarriko da arreta. Larunbatean artzaintzaren munduak II. Artzain Txakurren Lehiaketan hitzordua izango du, eta igandean Otala Zelai erromeria ospatuko da.
Iazko esperientzia onaren ondoren, ekitaldia ekaitzak ia zapuztu zuen arren, sei txakurrek ardiak gidatzeko trebetasunak erakutsiko dituzten Aretxabaletako lehiaketaren bigarren edizioak girotuko du maiatzaren 13ko arratsaldea. Txapelketa 17:30ean hasiko da. Lehiaketaren bultzatzaile eta parte-hartzaileetako batek, Javier Gastañaga aretxabaletarrak, nabarmendu duenez, “artzaina ezin da bere tokitik mugitu. Bere txakurrari emandako argibideei esker, ardiek igaro behar dute lekutik pasatzen dira, eta horrek txakurraren eta artzainaren arteko sintonia adierazten du”. Gastañaga Cool-ekin lehiatuko da berriro, border collie arrazako hiru urteko txakurrarekin.
Guztira, sei artzainek eta beste horrenbeste txakurrek neurtuko dituzte indarrak. Coolekin batera izango dira: Mikel Aizpuruaren Txuli (Oiartzun); Manuel Gorritiren aginduetara lehiatuko den Turbo (Aizarnazabal); Mikel Garaiar zestoarraren Nahi; Pello Segurolaren Kai (Matxinbenta), eta Juan Ramon Azkargorta bizkaitarraren Bat.
Parte-hartzaile bakoitzak zazpi minutuko bi ariketari egin beharko die aurre. Lehiaketa Artxate elkarteak antolatu du, Udalaren laguntzarekin.
Krosa, haurrentzako jolasak, bazkaria…
Igandean klasikoz beteriko egitaraua eskainiko du Otala Zelai Egunak. Egitarauari Joseba ‘Mardo’ oroimenezko 43. Otala Zelai krosarekin emango diote hasiera. 11:00etatik aurrera hiru kategoria egongo dira lehian: emakumezkoak banaka, gizonezkoak banaka eta bikote mistoak. Izen-emateak Ibarra kiroldegian edo www.herrikrosa.eus webgunean egin daitezke, zortzi euroren truke. Probaren egunean bertan 15 euro ordainduko dira.
Kros herrikoiaren aurretik, 10:00etan haurrentzako lasterketak antolatuko dira: 500 metro benjamin kategoriarako, 1.000 metro alebinentzako eta 1.500 metro infantilentzat. Sariak banatu ondoren, 12:45etik aurrera herri kirol jolasekin gozatzeko aukera izango dute etxeko txikienek (arto jasoketa, lokotx biltzea, harri-jasotzea…). Azken hauek aurten poniak eta bigantxak ordezkatuko dituzte, ikuskizunetan erabiltzea debekatzen baitu Animalien Ongizateari buruzko lege berriak.
Sagardo dastaketaren eta Leizarra musika eskolako trikitilarien emanaldiaren ondoren, herri bazkaria izango da (ohi bezala, antolatzaileek mahaiak eta aulkiak bakarrik jarriko dituzte). Honi jarraituz, euskal disko festak hartuko du lekukoa DJ J&Jrekin, eta 18:00etatik aurrera, Leizarra musika eskolako dantzariak izango dira protagonista.
Eguraldi txarra eginez gero, erromeria Iturrigorri pilotalekura eramango da.
"El Pueblo Vasco" egunkariak 1923an Otala-Zelaiko jaiari buruz argitaratutako artikulua.