Santakutz kaleko bigarren faseko lanak apirilaren 19an hasiko dira
Santakurtz kaleko Hornidura eta Saneamenduko Plan Bereziko obrek bigarren faseari ekingo diote apirilaren 19an. Egun horretatik aurrera, Sasoi Eraikuntzak enpresako makinek Santakurtz eta Otalora kaleen arteko bidea hartuko dute, Iparragirre iparraldea kaletik barrena (Amets taberna).
Tarte hori itxi egingo da eta, ondorioz, ibilgailuen zirkulazioan aldaketa batzuk eragingo ditu. Kurtzebarri Eskolako eraikina zeharkatu ondoren, ibilgailuak Sarasate hegoaldetik (Exprex taberna) joango dira Otalorara. Kale horrek zirkulazioaren noranzkoa aldatuko du, eta beheranzkoa izango da lanek irauten duten bitartean.
Exprex tabernatik Santakurtz aldera igarotzeko aukera izango dute Sarasate, Elkano, Guridi eta Iparragirre kaleetako bizilagunek, oraindik obretan ez dauden zatietan aparkatu ahal izateko.
Santakurtz kalearen berrurbanizazioaren bigarren fasea lehenengoarekin batera egingo da. Azken hau joan den urtarrilean hasi zen Iparragirre kalearen hasieraren eta kuarteleko erdi-biribilgunearen zatia hartuz. Bi fase horiek ekainaren erdialderako amaitzea espero da, eta, orduan, honako esku-hartze hauek egingo dira:
- Hirugarren fasea: Iparragirretik (iparraldean) Sarasateraino (hegoaldean).
- Laugarrena: Exprex tabernatik Otalora kalerako tartea.
- Bosgarrena: Kurtzebarri Eskolako ingurua
Bost fase Santakurtz berrurbanitzatzeko
Santakurtz kaleko obrak Sasoi Eraikuntzak enpresari esleitu zitzaizkion, 2.042.500 eurotan. Esku-hartze eremuak Kurtzebarri Eskolako eraikinaren amaieratik herriko sarreran dagoen erdi-biribilguneraino hartzen du, baita Santakurtz ondoko kaleak ere. Lanen garapena inguruko bizilagunen egunerokoa bateragarri egiteko, hirigintzako esku-hartzea faseka egiten ari da.