Zinema azaroan itzuliko da Arkupeko pantaila handira
Zinema azaroan itzuliko da Arkupeko pantaila handira, urtebete eta zortzi hilabeteko etenaldiaren ostean. Helduei eta haurrei zuzendutako sei filmek berriro ekingo diote zinemari, datorren hilean bi ikuskizun eta hiru ikus-entzunezkoez gozatzeko aukera emango duen kultur programaren barruan.
Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak gaur azaldu duenez, Udalak proiektore digital bat erosiko du zinema-programazio jarraitua eskaini ahal izateko, eta horretarako, 45.000 euro bideratu ditu. "Zinema pandemiarekin eten eta, ondorioz, kultur aretoak itxi arte, Udalak enpresa bati esleitzen zion zinemaren kudeaketa, eta enpresa hori arduratzen zen proiektorea ekartzeaz eta filmak programatzeaz. Kontratua amaitu egin zen, eta Covid-19aren murrizketak malgutuz joan ondoren, pentsatu genuen hobe zela Arkupek bere proiektore propioa izatea, aukera desberdinak ematen dizkigulako. Zinemaren aldeko apustua da, herritarrentzako zerbitzu gisa eta, bide batez, aisialdiarako beste aukera bat”, gaineratu du Caberok.
Kultura zinegotziak zehaztu du, gainera, Udala Gipuzkoako Foru Aldundiak kultur aretoetan horrelako inbertsioetarako ematen duen diru-laguntza deialdira aurkeztuko dela. Izapide hori ebazten den bitartean, Udalak proiektore bat alokatu du Zaraia aretoko zinemari berriz heltzeko.
Horrela, azaroaren 12an, 13an, 14an eta 15ean zinema irekiko duen filma Nora izango da. Lara Izagirrek zuzendutako pelikula da, Ane Pikaza aktore bilbotarra eta Hector Alterio aktore argentinarra protagonista dituena, eta euskarazko bertsioan eskainiko da, gaztelaniazko azpitituluekin. Helduentzat ere, azaroaren 19an, 20an, 21ean eta 22an Pedro Almodovar zuzendariaren Madres paralelas azken lana proiektatuko da.
Azaroaren 25etik 29ra, bestalde, Iciar Bollainek Blanca Portillo eta Luis Tosarren interpretazioarekin zuzendu duen Maixabel filma helduko da Arkupeko pantaila handira. Lan honek Maixabel Lasa, ETAk 2000. urtean hil zuen Juan Mari Jauregiren alargunaren istorioa kontatzen du.
Proiekzioak asteburuetan izango dira bost euroren truke. Astelehenetan, ikuslearen egunean, sarrera hiru eurora jaitsiko da.
Haurrei zuzenduta, aldiz, hiru film eskainiko dira, bi euskaraz: Space Jam: Aro berria (azaroak 13 eta 14), eta D'Ortagnan eta hiru mosketxakurrak (azaroak 27); eta bat gazteleraz: La familia Adams 2: La gran escapada (azaroak 20 eta 21eko asteburuan). Sarrerak hiru euroko prezioa izango du.
Beste proposamen batzuk Zaraia aretoan eta liburutegian
Antzerkiari eta musikari dagokienez, azaroaren 6an eta 7an Hiru (H) Arri proiektuaren buru diren Goio Arrieta, Beñat Arrieta eta Garikoitz Barandiaran atxabaltarrek 1961 musika ikuskizuna aurkeztuko dute. Hilaren 28an, ordea, Naita Produkzioak konpainiak Adela eta Martirio Bernarda Albaren etxean antzezlana taularatuko du.
Bestalde, ikus-entzunezkoen atalean, azaroaren 4an Kuku-Miku Elkartearen eskutik Aztarnak dokumentala proiektatuko da, eta hurrengo egunean, UDAren 75. urteurrena ospatzeko grabatutako Herriaren Hauspoa ikus-entzunezkoa botako da. Honetaz gain, hilaren 19an eta 26an Nepalgo emakumeei ahotsa jartzen dien Edurne Pasaban alpinista tolosarraren Chhaupadi dokumentala emango dute Arkupen.
Udal liburutegiak, bere aldetik, bi hitzordu proposatzen ditu. Iñaki Martiarena Mattinek manga marrazkiari eta komikiari buruzko ikastaroa emango du azaroaren 11n. Izen-ematea, gehienez ere hamar parte-hartzailerentzat, hilaren 2tik aurrera egongo da zabalik. Azkenik, azaroaren 17an Marixaren baserrian ipuin kontaketa saioa izango da Eneko Etxegarairekin.