Udalak animaliei buruzko ordenantza berriaren betebeharrak ezagutaraziko ditu txakurren jabeen artean

2020/10/01
. 600 txakur jaberen artean banatuko den liburuxka bat argitaratu da . Udaltzaingoak zaintza indartuko du udal araudia hautsi ez dadin . Txakurren gorozkiak uzteko poltsarik ez eramateak eta katuei kalean jaten emateak 60 eta 600 euro arteko isuna jaso dezake

Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantza egungo errealitatera egokitzeko prozesuari amaiera emateko, txakurren jabeak araudiak jasotzen dituen betebehar eta eskubideekin ohitzeko liburuxka bat argitaratu da. Sentsibilizazio kanpaina horren barruan, ordenantza betetzeko zaintza ere indartuko da. Abuztuaren 21ean jarri zen indarrean, eta katuei eta usoei kalean jaten emateko debekua ere arautzen du.

 

Karmele Uribarri zinegotziak eta Iban da Silva udaltzainak "Animaliak Edukitzea eta Babestea arautzen duen udal ordenantza" izenburupean argitaratu den liburuxka aurkeztu dute. Mila ale atera dira; horietatik 600 txakurren jabeen artean banatuko dira, eta gainerakoak txakur bati udal erregistroan alta ematen zaionean entregatuko dira. Ordenantza www.aretxabaleta.eus webgunean ere kontsulta daiteke.

 

Karmele Uribarri zinegotziak azaldu duenez, Udalak apirilean abian jarri zuen prozesuaren helburua "animalien jabeen eta, oro har, herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko jarraibideak ezartzea" izan da. "Hartu diren neurriek eta aurretik onartuta zeudenek animalien eta pertsonen bizikidetza eta ongizatea hobetzea dute helburu. Betebehar hauek ez dira, inolaz ere, konpainiako animalien jabeen aurka joango", azpimarratu du Uribarrik.

Zinegotzi atxabaltarrak adierazi duenez, Udalari helarazitako kexa eta kezkek, eta txakur eta katu kopuruak gora egin izanak eragin zuten ordenantza eguneratzeko prozesua. Horretarako herritarren ekarpenak jaso dira. "Epe bat ireki zen atxabaltarren proposamenak jasotzeko, eta udal ordezkariek eta teknikariek osatutako talde batek hauek aztertu zituen. Ekarpen horietako asko araudi berrian sartu ziren behin betiko onartu aurretik ", zehaztu du Uribarrik.

 

Ordenantzaren edukiaren berri emateaz eta sentsibilizatzeaz gain, Udaltzaingoaren zaintza lanak ere indartuko dira, araudia alde batera ez uzteko eta gizalegezkoak ez diren portaeretan berriro ez eragiteko. "Kanpaina hau ez da txakurren jabeentzat bakarrik, oinarrizko eskakizunak bete ditzaten, esaterako, txakurren gorotzak poltsa batean biltzea. Katuei kalean jaten ematea debekatuta dagoela ere ohartarazi nahi da; horren inguruko kexak jaso ditugu, eta horrelako arau-hausteengatik jarritako isunak 60 eta 600 euro artekoak izan daitezke", azpimarratu du Iban da Silva udaltzainak.

Hona hemen ordenantzan sartu diren aldaketarik esanguratsuenak:

  • 5.artikulua. Debekatuta dago etxeko animaliek iturrietatik zuzenean edatea, eta baita bertan bainatzea ere.
  • Animaliak behar bezala babesteko 9. artikuluan, animalia basatientzako janaria bide publikoetan uzteko debekua jasotzen da..
  • 20.artikuluak salaketa bat jaso duten txakurrak kolore gorriko plaka batekin identifikatu behar direla ezartzen du.
  • 26.artikuluak txakurra lotzeko luza daitezkeen uhalak erabiltzea debekatzen du.
  • 33.artikuluak txakurren gorotzak bide publikotik jasotzeko poltsak eramatea nahitaezkoa dela zehazten du.
  • 34.artikulua berria da eta txakurren aisialdirako guneak arautzen ditu. Txarapean aurreikusten da gune hau.
  • Arau-hausteei buruzko 38.artikuluan honako kasu hauek gehitzen dira: gorozkiak uzteko poltsak ez eramatea, animaliak bide publikoan elikatzea eta txakurrentzako aisialdi-eremua erabiltzeko arauak urratzea.
  • Arau-hausteei dagokienez, arinak 60 eta 600, eta larriak 600 eta 2.156 euro artean ordainduko dira. Arau-hauste oso larriak ez dira aldatzen, eta 2.156 eurotik 21.565 eurora arteko zigorrak ezarriko zaizkie.
  • 26.artikulua. Animaliak leku desberdinetan sartzeko debekua arautzen du. B atalak zehazten du ezingo direla eraikin publikoetan eta administrazio bulegoetan egon.
  • 32.artikulua. Txakurren gorotzak errefusa jasotzeko zakarrontzietan utz daitezkeela zehazten da, baldin eta inguruan gorozkientzako paperontzirik ez badago.

 

Arau-hausteen sailkapena eta kalifikazioa:

  1. Arinak:
  • Errolda identifikaziorik gabeko animaliaren bat izatea, identifikatuta edukitzea derrigorrezkoa denean.
  • Animalien gorotzak bide zein plaza publikoetan, haurren parkeetan, lorategietan, leku apaingarrietan eta pertsonak ibiltzeko lekuetan uztea.
  • Gorotzak sartzeko zorro edo bilgarri egokirik ez eramatea.
  • Animaliak ondo zaindu edo ikusi ezin diren lekuetan edukitzea.
  • Animaliei tratu iraingarriak ematea
  • Herri bide eta espazio publikoetan janaria uztea.
  • Arriskutsua izan daitekeen animalia edo baldintza berezi batzuk betez eduki beharreko animalia bat solte uztea, edo bere ihesa edo galbidea ekiditeko beharrezko neurriak hartu ez izana.
  • Leku publikoetan arriskutsu gisa katalogatutako animalia bat muturrekorik gabe eramatea.
  1. Larriak:
  • Garbitasun eta osasun egoeraren aldetik egokiak ez diren lekuetan animaliak edukitzea, janaririk eta beharrezko osasun asistentziarik eman gabe.
  • Animaliak antzutzea, mutilatzea eta akabatzea albaitariaren kontrolik gabe, edo Legeek zein Araudiek ezarritako baldintza eta eskakizunetan ezarritakoaren kontra.
  • Ez bakunatzea eta derrigorrez eman beharreko tratamenduak ez ematea.
  • Animaliak baimenik gabe saltzea.
  • Animaliei tratu txarrak ematea, akabatu edo zaurituz, alferrik sufriaraziz edo mutilatuz
  • Animaliak min larriak eta nabarmenak dituela jakin eta albaitaritza asistentzia egokirik ez ematea
  • Administrazio-baimenik ez duten ikuskizunetan animaliak erabiltzea.
  • 3. Oso larriak:
  • Animaliak akabatzea era bortitzen batean edo substantzia toxikoak emanda.
  • Konpainiako animalia bat abandonatzea.
  • Animalienganako krudelkeria, tratu txarrak edo animalien sufrimendua islatzen duten eszenak grabatzea.
  • Pozoindutako janaria uztea bide eta espazio publikoetan. 
  • Animaliak debekatutako ikuskizun publikoetan erabiltzea.