Udalak migrazio doluari buruzko tailerra antolatu du

2022/03/10
Hamabi saiotan egingo da, apiriletik ekainera, eta migratzaileen ongizate emozionala hobetzea du helburu. Jokin Ruiz Kortabarria esku-hartze psikosozialean adituak dinamizatuko ditu larunbatetan kiroldegian egingo diren bi orduko topaketak.

Migratzaileen ongizate emozionala hobetzea migrazio doluaren prozesuan. Horixe da Udalak apirila eta ekaina bitartean antolatu duen tailerraren helburua. Esku-hartze psikosozialean aditu den Jokin Ruiz Kortabarria piskologoak dinamizatuko ditu hiru hilabetez egingo diren hamabi saioak.  Larunbatetan elkartuko dira 16:00etatik 18:00etara Ibarra kiroldegian.

Programa honen helburuak hauek dira: migrazio doluari buruzko kontzientzia hartzea erraztea; emozioak lasaitzeko gune bat eskaintzea; antsietate eta depresio mailak murriztea; orainaldia beste era batera doitzea, eta laguntza sare bat sortzea. Tailer honetan parte hartu ahal izateko baldintza batzuk bete beharko dira: gutxienez sei hilabete eramatea harrerako herrialde edo probintzian; 16 urte baino gehiago izatea; gaztelania menperatzea eta saioetan parte hartzeko konpromisoa hartzea.

14 eta 16 pertsona bitarteko talde itxiak egingo dira. Izena emateko e-maila bidali behar da myriam@aretxabaleta.eus-era.

Jon Maiarekin hitzaldi-solasaldia

Tailerraren aurretik, eta Loramendi Euskara Elkarteak antolatuta, martxoaren 17an (euskaraz) eta 24an (gaztelaniaz) Jon Maia bertsolari, idazle eta abeslariak Extremaduratik bertsolaritzara-Desde Extremadura al bertsolarismo hitzaldi-solasaldia aurkeztuko du Arkupen, 18:30etik aurrera. Maiak bere Extremadura eta Zamorako jatorriei buruzko bizipenak eta gogoetak kontatuko ditu, punta-puntako bertsolaria izatera iritsi arte.