Gabonetako kanpainak tokiko merkataritza eta produktuen aldeko apustua egiten du

2022/12/13
Neguko azokak 30 bat artisau, ekoizle, merkatari eta idazle aretxabaletar bilduko ditu larunbat eta igande honetan. Erakusleiho lehiaketaren herritarren botoa abenduaren 14tik 25era eman ahal izango da, aurrez aurre Arkupen eta online.

Aretxabaletak gertuko merkataritzaren eta tokiko produktuaren aldeko apustua egingo du aurten ere Gabonetako kanpainan. Datorren asteburuan, urrutirago joan gabe, 28 artisau, ekoizle, idazle eta merkatari bilduko dituen Neguko azokaren edizio berri bat ospatuko da. Gabonak girotuko dituen egitarauak, hain magikoa den Olentzero eta Mari Domingiren, eta Errege Magoen bisitaz gain, publiko guztiei zuzendutako kultura eskainiko du, gospel, bertso saioa eta antzerkiaren eskutik.

Kanpainaren xehetasunak gaur azaldu ditu Unai Elkoro alkateak, saltoki txikien balioak azpimarratuz, eta baita herritarrak bertako produktuak eta zerbitzuak kontsumitzera animatuz ere. Elkorok adierazi duenez, “tokiko merkataritza, ostalaritzarekin batera, ekonomiaren eragile garrantzitsua da”. “Herri baten bizitzan baliabide baliotsua da, azken urteetan bereziki gaizki pasatu duena, eta, beraz, lagundu egin behar diogu”, nabarmendu du alkateak.

Aretxarte merkatarien elkarteak eta AZ Visual Media ekoiztetxeak, Udalaren laguntzarekin, aurten ere tokiko merkataritzaren alde egin duten bideoklipa da kanpainaren protagonista. Originaltasunez beteriko iragarkia da, eta Kepa Errasti aktore atxabaltarra da eszenaratzearen buru, 50eko hamarkadako glamourrean girotua, atxabaltarrak dantzan jarriz. Hori guztia mezu argi batekin: herrian kontsumitzea.

Neguko azoka

Durana eta Mitarte kaleak Aretxabaletan egindako artisautza, merkataritza eta produktuen topagune izango dira abenduaren 17an eta 18an. Neguko Azokak zortzigarren edizioari ekingo dio, pandemiaren murrizketek azken urteotan aldatu duten normaltasuna berreskuratuz.

Guztira 28 artisauk, merkatarik eta ekoizlek parte hartuko dute Gabonetako merkatuan, eta 11:00etatik 15:00etara irekiko ditu ateak. Era askotako produktuak eta elikagaiak erosi ahal izango dira: larrua, zilarra, pintura, ilerako osagarriak, arropa, gaztak, eztia, fruitu lehorrak, hestebeteak, gozogintza... Hiruatx Gobernuz Kanpoko Erakundea eta Gu Haziak Gara elkartea ere bertan izango dira, baita idazle aretxabaletarrak ere euren liburuekin.

Erakuleiho lehiaketa

Erakusleiho lehiaketak, berriz, bi sari emango dizkie eskaparate onenei: lehenari 300 euro, eta bigarrenari, ordea, 150 euro. Bigarren sari hau herritarren esku utziko da, eta abenduaren 14tik 25era bitartean eman ahal izango da botoa, Arkupen jarriko den kutxan, online (https://forms.office.com/e/2tx7K2pMhi), eta saltokietako erakusleihoetan ipiniko den QRa.

Pertsona bakoitzeko boto bat onartuko da, eta hautatutako saltokiarekin batera NANa adierazi beharko da. Parte-hartzaile guztien artean 50 euroko bonu bat zozkatuko da, Aretxarteko establezimenduetan gastatzeko.

Bestalde, Aretxarteko establezimenduetan kontsumitzeko atera diren 20+10 500 bonuak agortu egin dira, salgai jarri eta egun gutxira.

Olentzero eta Mari Domingi

Olentzero eta Mari Domingi mugarik gabe itzuliko dira kaleetara, txikienentzat gehien espero den eguna girotzen duen egitaraua berreskuratuz. 12:00etan Gabonetako ikazkinak eta bere lagunak gutunak jasoko dituzte Herriko plazan. Desfilea arratsaldean izango da eta, ohi bezala, kiroldegitik 18:30ean irtengo da, musika eskolako txistulari bandaren erritmoan.

Santakutzeko lanak direla eta, desfilea ez da kale honetatik igaroko Beraz, kiroldegitik irtengo dira, eta Araba ibilbidea, Mitarte eta Durana kaleak pasatu ondoren, Herriko plazan amaituko dute ibilbidea. Bertan, .Leizarra musika eskolako haur abesbatzak abestuko du.

Bizar Zurik, abenduaren 31n, eta Errege Magoen kabalgatak, urtarrilaren 6an, ibilbide bera egingo dute.

Egitaraua:

  • Abenduak 16: Buzkantza dastaketa UDAren eskutik. Herriko plazan, 18:30ean hasita.
  • Abenduak 17 eta 18: Neguko azoka.
  • Abenduak 20: Leizarra Musika Eskolaren Gabonetako kontzertua. Zaraia aretoa. 18:00etan.
  • Abenduak 24: Olentzero eta Mari Domingi.
  • Abenduak 26: Txalo Produkzioak taldeak Kottauak antzezlana taularatuko du. Arkupen, 19:00etan.
  • Abenduak 27. Leuneko seikoteak kaleak alaituko ditu. 19:00etatik aurrera.
  • Abenduak 28: Ispirit gospel talde donostiarraren kontzertua. Arkupen, 19:00etan.
  • Abenduak 29. Bertso saioa, Uxue Alberdi, Ane Labaka, Andoni Egaña eta Igor Elortza bertsolariekin. Arkupen, 19:00etan.
  • Abenduak 30: Aretxabaleta abesbatzaren kontzertua. Parrokian (19:00etan).
  • Abenduak 31: Bizar Zuri eta San Silvestre.
  • Urtarrilak 3 eta 4. Haur parkea Ibarra kiroldegian, 11:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara. Hiru eta 12 urte bitartekoentzat.
  • Urtarrilaren 6a. Errege Magoen kabalgata. 18:30ean, kiroldegitik.

Neguko azokako partaideak:

  1. ARTISAUAK:
  • Mª Luz Osorio.
  • María Zubillaga
  • Izaro Sánchez
  • Lara González
  • Lara García.
  •  Iban Urreta
  • Itsaso Aldai
  • Anne Roessel
  • Iker Gabilondo
  • Amaia Otadui
  1. EKOIZLEK:
  • Gorka Lete
  • Ariane Unanue
  • Lur Pagoaga
  • Ainara Abasolo
  1. DENDAK:
  • Belarmeta
  • Kiloka
  • Tak zapatadenda
  • Hankabeltz
  • Almila Shop
  • Amaia Ume Denda
  • Haurrak
  • Titare
  1. IDAZLEAK
  • David Agirre
  • Gemma Iñiguez
  • Judith Ruiz de Muniain
  1. ELKARTEAK/GKE:
  • Gu Haziak Gara
  • Hiruatx
  • UDA