Sanmigelak bertan behera
Irailaren 25etik 27ra ospatu behar ziren sanmigelak bertan behera uztea erabaki du Udalak. Unai Elkoro alkateak azpimarratu duenez, egungo egoerak, koronabirus kasuen gorakadaren ondorioz, "jaiak egitea eragozten du". "Sanmigelak ospatzeko baldintza egokirik ez dago, herritarren parte-hartzea baita horien funtsa. Jaiak itzuliko dira, baina orain arduratsuak izan behar dugu, pilaketei uko eginez eta osasuna lehenetsiz pandemiari aurre egiteko", adierazi du alkateak.
Elkorok "erantzukizunerako" deia egin du Covid-19aren aurrean, eta atxabaltar guztiek “horren arabera eta zentzuz jokatzea” espero du. "Andramaixekin gertatu zen bezala, sanmigelak bertan behera geratu dira. Ez da jairik izango", gaineratu du alkateak. Beraz, festa bultza dezaketen “ospakizun alternatiboak" saihesteko eskatu du Elkorok, “berragerpen berrien foku eta inguruko udalerrietako bizilagunentzako dei efektu bihur daitezkeelako".
Bestalde, ekainean eta uztailean berreskuratutako kultur programazioak urritik aurrera bere lekua izango duela aurreratu du Udalak. Ekitaldi guztiak, orain arte bezala, segurtasun neurrietara egokituta egongo dira. Programa lantzen ari da Udala eta datozen asteetan emango du horren berri.