Oihane Jaka Irizarrek irabazi du Karmele Igartua XII. Sorkuntza Beka
Oihane Jaka Irizar donostiarrak jaso du Karmele Igartua XII. Sorkuntza Bekaren saria, Berriro jaiotzeko saiakera antzua poema lanarengatik. Epaimahaiak lan hau irakurtzea “plazer handia” izan dela azpimarratu zuen larunbatean Arkupen egindako ekitaldian. “Bai hizkuntza mailagatik, baita poemategiari kohesioa emateko moduagatik”, nabarmendu zuen Pako Aristi idazleak.
Idazle berriak bultzatzeko lehiaketa da Aretxabaletako Udalak eta Bergarako Idazle Eskolak elkarlanean antolatzen duten Karmele Igartua Sorkuntza Beka. Poesiari eskainia izan da aurtengo edizioa, eta hemeretzi lan jaso dituzte, guztira. "Oso maila onekoak dira denak. Lehenengo galbahea hamar lanek pasatu dute eta amaierarako lau lan geratu dira", azaldu zuen Aristik.
Lanaren kalitatea baloratuz, epaimahakideek beste hiru finalistei aipamen berezia egitea proposatu zuten:
- Hirian leiho, harrian etxe. Oihane Zuberoa Garmendia Glariarena.
- Peru Aiartza Cajaravilleren Silviosia.
- Lierni Munduate Oruesgastiren Ohazalean izenburukoa.
“Heldutasun handiko poeta gazteek aurkeztu dituzte lanak. Eta maila, benetan, oso-oso ona izan da, zinez. Hamar bat lan argitaratzeko modukoak izan dira”, baieztatu zuen Aristik.
Irabazleak 2.500 euro jaso ditu, eta bere lana, aipamen berezia jaso zutenekin batera, www.idazten.com atarian argitaratuko dira.
Liburuaren aurkezpena
Hiru liburu argitaratu zituen Karmele Igartua olerkari aretxabaletarrak. Horiek obra bakarrean bildu ditu Pamiela argitaletxeak, eta jendeaurrean aurkeztu zuten larunbatean. Poesia bizitzeko eta sentitzeko modua izenburua du liburuak.