Aurkeztu da Euspot lehiaketaren 14. edizioa!

2025/02/04

Gaur aurkeztu da Euspoten 14. Edizioa Aretxabaletan, Mondragon Unibertsitateko campusean. Bertan izan dira edizio honetako antolatzaile diren, Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Garikoitz Iturbe, Aretxabaletako alkatea; Arantzazu Lagunilla, Arteman Komunikazioko zuzendaria; Maddi Iregi, Bai Euskarari Elkarteko aholkularia; Naiara Okina, Arizmendi ikastolako komunikazio arduraduna; eta Xabi Igoa, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Komunikazio arloko zuzendaria.

Euskarazko sormena sustatzeko helburuarekin, abiatu zen Euspot lehiaketa 2012an eta oraingoan "Harrobia landu, talentua erakarri eta publizitatea euskaraz sortu. Era berean, aurtengo helburu nagusia gazteak euskarazko publizitatera gerturatzea izango da, Euskal Herrian sortzen den publizitatearen oinarri izan dadin gure hizkuntza" ideia azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek.

‘’Zer da laguna izatea?’’ galderari erantzun beharko die parte-hartzaileek aurkeztutako proposamenarekin, gazteen artean harreman osasuntsuak eta errespetuzkoak sustatzea helburu duelarik. "Gaur gaurko gaia da. Agenda politikoan ere badago gaurko gazteen arteko harreman sanoak sustatu beharra, sareek eragiten dituzten mehatxuak aintzat hartuta, teknologiek ahalbidetzen dituzten komunikazio eta harremanetarako jarrerak, bertatik bertarakoak, harreman inklusiboak, dibertsitateari aurre eginez eraikitzen direnak, eta beste hamaika adibide". Hau guztia oinarri hartuta, 30 segundoko iragarki bat sortzea izango dute helburu parte hartzaileek. 2025eko maiatzaren 26a arte izango dute aukera parte hartzaileek lanak aurkezteko.

Lau sari nagusi eta bi sari gehigarri banatuko dira:

Sari nagusiak:

  • Spotik onena (1.000 euro).
  • Publikoaren saria (500 euro).
  • Gazteen saria (18 urtetik beherakoak) (500 euro).
  • Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro).

Sari gehigarriak:

  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro).
  • Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).