Aretxabaletako Udalak 13 eta 40 urte bitarteko herritarrei PCR proba egin dezatela eskatzen die Osakidetzak eta Osasun sailak egindako deialdiarekin bat eginez
● PCR probak egiteko egitura Basotxoko eraikinean jarriko da bihar eta ostiralean. Hitzordua hartu behar da aurrez Aretxabaletako osasun zentrora deituta (943 71 19 59)
● Aretxabaletako Udalak herritarrei proba egitera joateko eskaera luzatu die: “Ezinbesteko da ardura osoz eta era kolaboratiboan jardutea, banakoaren osasuna zainduz, guztiona babesten dugu eta”.
13 eta 40 urte bitarteko Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako bizilagunak PCR proba egitera deitu ditu Osasun Sailak eta Osakidetzak, bihar eta ostiralean. Proba egiteko hitzordua eskatu behar da aldez aurretik, gaur 16:00etatik aurrera, 943 71 19 59 (osasun zentroa) telefonora deituz. Eskoriatzako kasuan, aldiz, 943 71 44 52 (osasun zentroa) telefonora deitu behar da.
PCR probak egiteko azpiegitura Aretxabaletako Basotxoko eraikinean jarriko da. 15:30etik 20:00etara egingo dira. PCR lagina hartu nahi duten udalerriko ikastetxeetako ikasleek ez dute hitzordua eskatu behar. Hitzordua ikastetxeetako zuzendaritza taldeekin antolatuko baita. Emaitza guztiak SMS bidez bidaliko dira.
Gogoratu, Covid-19arekin bateragarriak diren sintomak edukiz gero (sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko zailtasunak, usaimenaren galera…) isolatu etxean eta deitu osasun zentrora.