Gurasoek gizarte trebetasunak jorratuko dituzte seme-alabekin
Eskola, kirola, komunitatea eta osasuna batzen dituen EKKO proiektuak datorren astean jarriko du abian Aretxabaletako eta Eskoriatzako Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleei eta haien gurasoei zuzendutako programa. Saio hauetan, hamar eta hamabi urte bitarteko gaztetxoen artean trebetasun sozialak nola sustatu landuko da.
Hasteko, autoestima izango da jorratuko den gaia, eta haurrek ikasi dutena jakinarazteaz gain, lantzeko proposamen batzuk azalduko dira. Ordubeteko saioak izango dira, eta guraso bakoitza bere haurrarekin lagunduta etorri beharko da. Bertaratzea errazteko asmoz ordutegi, egutegi eta hizkuntza aukera zerrenda bat jarri da, horietatik bat aukeratzeko.
- Urtarrilak 23, astelehena: Aretxabaletako Ibarra kiroldegian (18:00etan, euskaraz). Eskoriatzako Ibarraundi museoan (18:30ean, euskaraz).
- Urtarrilak 24, asteartea. Eskoriatzako Ibarraundi museoan (18:00etan, euskaraz). Aretxabaletako Ibarra kiroldegian (19:00etan, gazteleraz).
- Urtarrilak 25, asteazkena: Eskoriatzako Ibarraundi museoan (18:30ean, gazteleraz). Aretxabaletako Ibarra kiroldegian (19:00etan, euskaraz).
- Urtarrilak 26, osteguna. Eskoriatzako Ibarraundi museoan (17:30ean, euskaraz).
- Urtarrilak 27, ostirala. Aretxabaletako Ibarra kiroldegian (17:30ean, euskaraz).
Astea amaitzeko, urtarrilaren 28an, larunbata, jolasa, kirola eta trebetasun sozialak (autoestimua, gaztazken kudeaketa, komunikazioa, harremanak…) uztartzen dituen jarduera antolatuko dute Ibarra kiroldegian. Deialdi honetarako ere, haur bakoitza guraso batekin lagunduta etorri beharko da.
Jarduera honetan haurrek eta gurasoek elkarrekin jolasteko kirol eta jolas izaerako ekintzak egingo dituzte, dinamika desberdinen eskutik. Bi txanda antolatu dira.
- LH5: 10:30etik 12:00etara
- LH6: 12:15etik 13:45era.
Saioetan eta kirol-jolas jardunaldian izen-ematea lotura honetan dago zabalik:
Prebentzioaren giltza
EKKO proiektuak nerabeen artean mendekotasuna sortzen duten substantzien kontsumoa prebenituz ekin zion bere ibilbideari. Baina antsietatea, depresioa, elikadurako nahasmenduak eta ludopatiak bezalako beste arrisku batzuk hautemateak gizarte-trebetasunen garapenean jarri du arreta, adin gazteagoetatik prebentzio-tresna gisa.
EKKO programak bi eremu jorratzen ditu. Alde batetik, haurren trebetasun sozialak lantzen dira. Ikasturte honetan zehar, Kurtzebarri Eskola, Almen-Arizmendi ikastola eta Luis Ezeiza ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleek 20 saiotan parte hartuko dute, autoestimuari, erabakiak hartzeari, komunikazioari edo gatazken konponbideari buruz hausnartzeko. Programa hau gurasoei zuzendutako beste bost saioekin osatuko da.
EKKOk, aldi berean, komunitatean eragin nahi du hainbat ekimenen bidez, eta testuinguru honetan kokatzen ziren joan den abenduan antolatutako ekintzak. Aretxabaleta eta Eskoriatzako udalak, UDA, San Juan de Dios ospitalea eta ikastetxeak eragile aktiboak dira proiektu honetan. Mondragon Unibertsitateak ikasleekin lan egiten duten dinamizatzaileak trebatu ditu. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz laguntzen du programa.