Komentua ingurunean integratzea, zubi bat eraikitzea eta Iturrizarretik Txarapeara igogailu publikoa jartzea onartu du Udalbatzak

2022/05/30
2021eko aurrekontuaren gerakinaren zati bat proiektu horietara bideratzea erabaki da aho batez. Txarapeako etxebizitzen hegala egonkortzea da 2022ko aurrekontuetan txertatuko diren beste proiektuetako bat.

Aretxabaletako Udal Gobernuak maiatzaren 25ean egindako ezohiko Osoko Bilkurara 2021eko aurrekontu ekitaldiko diruzaintzako gerakinetik, 2,2 milioi euro 2022ko udal kontuetan jasota ez dauden proiektuetara bideratzeko proposamena aurkeztu zuen.

Zenbateko horren zatirik handiena, milioi bat euro baino gehiago, komentua ingurunean integratzeko erabiliko da. Horma eraistea, tranformadorea lurperatzea, eta komentutik ibaia inguratzen duen pasealekuaren beste aldera iristeko zubi bat egokitzea aurreikusten da. Gainera, igogailu publikoa eraikiko da Iturrizar plazako etxebizitza-blokeei atxikita, Txarapea ibilbideko malda gainditzeko.

Unai Elkoro alkateak azpimarratu zuenez, aipatutako etxebizitzak eraikitzeko obrak aurreratuta daudenez, igogailua jarriko den lekuan, proiektu hau gauzatzea errazten du. Obra guzti hauek idazketa fasean daude.

Bestalde, EH Bilduko bozeramaile den Ion Albizuk proiektuari “ahalik eta modu partekatuenean” heltzearen alde egin zuen, eta “lehenbailehen” gauzatzea espero dutela ere adierazi zuen.

Bost milioi euroko gerakinetik, bi milioi euro bi proiektu ordaintzeko erabiliko dira: Santakurtz kalean martxan dauden obrak, eta komentuan proiektatzen den adinekoentzako gizarte zentroa.

Gainerako 3.000.000 euroetatik, 2022ko aurrekontuetan 2.200.000 euro txertatu dira aipatutako proiektuak aurrera eramateko, beste batzuekin batera:

  1. Arkupeko klimatizazio-sistema berria (eguzki plakak eta aerotermia). 100.000 euro; 2022ko aurrekontuetan erreserbatutako 85.000 euroei gehituta.
  2. Txarapeako etxebizitzen mendi hegala egonkortzea. 273.486 euro bideratuko dira (obra osoaren inbertsioa 650.000 eurokoa da).
  3. Ibarrako futbol zelaia ureztatzeko sistema berria. 22.650 euro.
  4. Elektrizitatearen, gasaren eta zaborren prezioaren igoera ordaintzeko. 403.000 euro.

Ezustekoei eta aurreikusi gabeko gastuei aurre egiteko, soberakinetik 800.000 euro gorde dira. Hala ere, alkateak azaldu zuen EH Bilduk helarazi dizkien proposamenak aztertuko dituztela. Gerakinetik 200.000 euro zazpi bat proiektutan inbertitzea proposatu du.