Elbira Zipitriaren bizitza gogora ekartzen duen dokumentala martxoaren 30ean helduko da Arkupera

2023/03/24
19:00etan proiektatuko da eta sarrera doakoa izango da .

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta Baleuko ekoiztetxeak sortutako Elbira dokumentala eskainiko da martxoaren 30ean Arkupeko pantaila handian (19:00etan). Fikziozko dokumental honek Elbira Zipitriaren bizitzako gertakizunetan sakontzen du, baita Euskal Herriari egindako ekarpenean ere.

Elbira Justa Zipitria Irastortza maistra, ikastolen sortzailetariko bat, euskararen sustatzailea frankismoaren urte beltzenetan, eta emakumeak baztertzearen kontrako borrokalaria izan zen. Pedagogia aurrerakoia erabili zuen, besteak beste ikasle zituen neskatoen eta mutikoen arteko berdintasuna aldezten zuena.

Horretarako, gertutik ezagutu zutenek eta adituek ahotsa jartzen diote dokumentalari. Elbira Zipitriaren bizitzaren pasarte fikzionatuen laguntzaz, haren jatorria, konpromiso politikoa, Iparraldera ihesa, itzulera eta jarduna kontatzen dituzte. Euren testigantzekin parte hartzen dutenak honako hauek dira: Mari Karmen Mitxelena, andereñoa, Orixe ikastolako sortzailea eta Elbira Zipitriaren laguna; Kontxita Beitia, andereñoa, Zurriola ikastolako sortzailea eta laguna; Mari Karmen Garmendia, andereñoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe, ikasle ohiak.