70 urtetik gorako pertsonen mugikortasun gaitasuna, indarra eta koordinazioa hobetzeko lanean ari da AtxabaltaMugi

2022/04/28
Hainbat saio egingo dira Finlandiatik ekarritako ‘David Health Solutions’ metodo berritzailearen bitartez. Parte-hartzaile bakoitzarekin bizkarrezurraren funtzionaltasun muskulu-eskeletikoaren diagnostikoa egingo da, ondoren banakako programak garatzeko. Ekimen aitzindaria da jarduera fisikoari eta kirolari buruzko orientazio zerbitzuetan.

AtxabaltaMugi programak Finlandiatik datorren teknologia berritzaile baten bitartez, 70 urtetik gorako herritarrekin jarduera fisiko eta kirolaren orientazio zerbitzuetan aintzindaria den ekimen bat abiarazi du. David Health Solutions metodo nordikoari esker, pertsonaren bizkarrezurraren funtzionaltasun muskulu-eskeletikoaren diagnosia egingo da, eta bertatik abiatuta banakako programak garatuko dira, norbanakoaren indarra, mugikortasuna, koordinazioa, oreka eta artikulazioen erresistentzia hobetzeko.

Teknologia berritzaile honen xehetasunak, Ibarra kiroldegian jadanik ezarrita dagoena, saio praktiko batean eman dituzte Koldo Zubillaga Kirol zinegotziak, Asier Mujika Kirol teknikariak, eta AtxabaltaMugiko arduradun den Athlon enpresako Maialen Alkortak. AtxabaltaMugiren eskutik, programa pilotu honetako parte-hartzaile batzuk esperientzia hau nolakoa izaten ari den ere azaldu dute.

AtxabaltaMugiko 70 urtetik gorako hamar erabiltzaile joan den martxoaren 3an hasi zen proiektuan parte hartzen ari dira. Ekainera arte, lau pertsonekin hamabi saio egingo dira bizkarra lantzeko makina espezifikoak dituen zirkuitu batean. Makina horiek, mugimendu mugatua eta pisu zuzenduarekin, bizkarreko eta goiko eta beheko gorputz-adarretako muskulaturaren berreskuratze selektiboa lortzea ahalbidetuko dute. Gainerako sei pertsonekin irailetik aurrera gauzatuko da programa.

“Bakoitzari hasierako eta amaierako diagnostikoa egingo zaio, metodo horri esker izaten duten bilakaera ikusteko. Emaitzak Udalari aurkeztuko zaion txosten batean jasoko dira”, adierazi du Maialen Alkortak.

AtxabaltaMugiko arduradunak, gainera, programa honekin lortu nahi diren helburuak zehaztu ditu:

  1. Programa parte hartzen duten herritarren erorketa arriskua gutxitu.
  2.  Bere indarra hobetu.
  3. Mugikortasun gaitasuna hobetu.

2016az geroztik martxan

Udal Kirol zerbitzuek bultzatuta eta Athlon kooperatibak kudeatuta, AtxabaltaMugi 2016an jarri zen martxan, gizarte aktiboagoa sortzeko, sedentarismoa geldiarazteko, eta jarduera fisikoa eta ohitura osasungarriak sustatzeko. Zazpi urte hauetan adin ezberdinetako 220 pertsona igaro dira programatik, eta horietatik 40k modu aktiboan parte hartzen jarraitzen dute.

AtxabaltaMugik kirol orientazio zerbitzua ere eskaintzen du, astelehenetan 9:00etatik 13:00etara, eta asteazkenetan, 14:30etik 18:30era. Harremanetan jartzeko 662 623 830 telefonora deitu edo atxabaltamugi@gmail.com helbidera mezu elektroniko bat bidali behar da.