Otsailaren 5a: Santa Ageda

"Santa Ageda neska-mutilak" (urteko kinttoak) urte horretan 19 urte beteko dituzten herriko neska-mutilak izaten dira. Funtzio hori Santa Ageda bezperatik inauterietako igandera bitartean betetzen dute.

Lehengo ohitura

Lehen, baserritarrak zirenak, baserriz baserri aritzen ziren soilik. Eta kaletarrak zirenak, aldiz, baserrietara joateaz gain, kalean ere kantuan aritzen ziren. 1966 urtetik aurrera, ordea, denek batera jarduten dute.

1968 urtean kantuaren hitzak eta dantzako agurra aldatu egin ziren. Izan ere, ordura arte agurra Bizkaiko erara dantzatzen zen, eta ordutik Gipuzkoako eran egiten da.

Horretaz gain, lehen, Santa Ageda egunean (otsailak 5) jertse gorria eraman beharrean, txaketa eramaten zuten (egungo "amerikana").

Urteko kintoez gain, aurreko kintako gazteenek eta hurrengo kintako zaharrenek ere parte hartzen dute. Horiek ohiturari jarraipena emateaz arduratzen dira.

Santa Ageda bezpera

Santa Ageda bezperan, hainbat soinu edo trikitixa lagun dituztela, herriko baserri guztietatik diru eta jaki eske kantuan ibiltzen dira Santa Ageda neska-mutilak. Egun horretan, herriko plazan elkartzen dira goizeko 6,30ean eta hiru suziri jaurtitzen dituzte, irtetera doazen seinale.

Guztiak baserritar jantzita joaten dira: marradun edo mahoizko prakak, alkandora txuria, brusa koadroduna edo beltza, abarkak, galtzerdi zuriak, gerriko beltza, koadrodun zapia, txapel beltza eta makila.

Goizeko lehen orduetan bildutakoarekin (arrautza, txorixo…), Matikua tabernan hamarretakoa egiten dute. Bazkaltzeko garaia iritsi orduko, Arkarazo auzoan barrena ibiliak dira. Horrenbestez, lehenbailehen bazkaldu, eta falta diren baserrietara gerturatu behar izaten dute.

Auzoz auzo dabiltzala, etxafuegoak botatzen dituzte, bisitatu beharreko auzokoak ohartu daitezen.

Ohiturak dioen legez, herriko baserriren batean Gabonak eta Santa Ageda eguna bitartean norbait hil baldin bada, bertako ugazabei Santa Ageda kantua edo errezatzea gura duten galdetu behar izaten diete.

Bestalde, egun honetan jasotako jakiak soberan gelditzen badira, zaharren egoitzara eramaten dituzte.

Santa Ageda eguna

Santa Ageda egunean, goizeko 8,30ean biltzen dira herriko plazan, eta hiru suziri jaurtitzearekin batera ematen diote hasiera egunari. Egun horretatik aurrera, hurrengo urtean kinttoak izango diren herriko beste bi neska-mutikok ere  hartzen dute parte izaten diren ekitaldietan.

Kalean aritzen dira eskean, kantu kantari. Baina egun honetan, aurreko egunean ez bezala, dantzari jantzita ibiltzen dira; hau da: alpargata zuriak, galtzerdi zuriak, gerriko gorria, txapel gorria, praka txuriak, jertse gorria edo txaketa iluna eta lepoan kolorezko zapi handi bat. Horretaz gain, bezperan legez, trikitixa edo soinua lagun dituztela aritzen dira.

Goizean etxez etxe ibiltzen dira eskean; bazkaldu eta arratsalde partean, berriz, denda eta tabernatan aritzen dira. Lantegietako irteerak ere kontuan izaten dituzte, eskean eta kantuan aritzeko.

Igandero

Santa Ageda egunean hasi eta inauterietako igandea bitartean, igandero, Santa Ageda dantzak egiten dituzte Santa Ageda neska-mutilek Herriko plazan. Pagaldaiko kantoitik irten, Durana kalea zeharkatu eta atalataikoan plazara joaten dira. Plazara heltzean, ahalik eta korro handiena egin, eta arratsaldeko 7,00etan, elizako kanpaiekin batera, suziria jaurtita hasten da ekitaldia.

Lehenengo, korroko bi muturrek (azkenekoak eta aurrenekoak) aurreskua dantzatzen dute (desafioa). Baina, nahi izanez gero, mutur horiek igandero alda daitezke. Jarraian, Santa Ageda mutil guztiek, banan-banan, korroaren erdira irten eta banakoa egiten dute.

Banakoa amaitzean, muturretakoek herriko bi neska aukeratu, eta banan-banan agurra egiten diete. Ondoren, neska bana aurkitu bitartean, korroan eta eskuinetik ezkerrera bueltaka jarraitzen dute. Jiraka ari direnean, aurrenekoak eta azkenekoak zortzikoaren erritmo pausoak egiten dituzte hiru alditan.

Mutiko gazteei ere bi neskatila ateratzen zaizkie dantzarako. Korroaren erdian fandango eta arin-arina egiten dute.

Dantza-ekitaldia bukatutakoan, denak atalataikoan, herriko plazatik hasieran irtendako lekura joaten dira. Bukatzeko, herriko elkarte edo taberna batean, txokolatea egiten dute guztientzat.

Oharrak

Aldez aurretik jakinaraziko zaie bai Santa Ageda egunean, bai bezperan, zein ibilbide jarraitzea komeni zaien.
Herria handitzen doanez, Santa Ageda neska-mutilak gehienez bi taldetan zatitu ahal izango dira, batzuek herriaren goiko aldea eta beste batzuek beheko aldea egin dezaten.

Hori guztia posible izan dadin eta behar den moduan aurrera irten dadin, ohiturari jarraituz, aurreko urteko azaroko lehenengo asterako prestaketa saioekin hasi beharko lukete.

Gainera, urtero koordinatzaile bat izendatzen da, hurrengo urtean ere Santa Ageda neska-mutil aritzeko.