Santakurtz kaleko obrak 2.042.000 euroan esleitu dira

2021/10/07
Sasoi Eraikuntzak hamar hilabete inguruko epean bukatuko ditu. Lanak azaroan hastea aurreikusi dute.

Udalak Sasoi Eraikuntzak enpresari esleitu dizkio Santakurtz kaleko hornidura eta saneamendu lanak, 2.042.544 eurotan. Bost izan dira lan horien lizitaziorako deialdian parte hartu diren enpresak. Sasoik hamar bat hilabeteko epean gauzatuko ditu obrak, aurkeztu duen eskaintzaren arabera.

Lanak azaroan hasiko dira kuartelaren ondoan dagoen erdi-biribilgunean, Kurtzebarri eskolarako norabidean zatika eginez eta baita Santakurtz ondoko kaleetan ere.

Hornidura eta saneamendu sareak ordezkatzeaz gain, kalea berrurbanizatuko da espazio publikoak hobetzen jarraitzeko. Horrela, oinezkoentzat atseginagoa izango den kalea atonduko da, irisgarritasunean eta bide segurtasunean irabaziz. Esku-hartze honetan argiteria publikoaren eta telekomunikazio instalazioak ere aldatu egingo dira, hiri-altzari berriak jartzearekin batera.