2021eko gerakinetik 2,2 milioi euro aurtengo aurrekontuetan jasota ez dauden proiektuetara bideratzea proposatu du Udal Gobernuak
Aretxabaletako Udalak 5.000.000 euroko diruzaintzako gerakinarekin itxi du 2021eko aurrekontu-ekitaldia. Udal Gobernuak, neurri handi batean, 2022ko aurrekontuetan jasota ez dauden proiektu berrietara bideratu nahi du gerakina; hala nola, Txarapeako hegala egonkortzera eta komentua zenaren ingurunea urbanizatzea.
Unai Elkoro alkateak azaldu duenez, soberakin honi esker, proiektu berriei aurre egin ahal izango zaie, “bizitzeko erosoa, erakargarria eta irisgarria izango den herri bat eraikitzen jarraitzeko. Bestalde, irtenbide bat behar duten zenbait jarduera gauzatzeko aukera emango digu, esaterako, Txarapeako mendi-hegala egonkortzea”.
Gerakin hau, batez ere, proiektu batzuek izan duten atzerapenagatik gauzatu ez diren partidetatik dator, baita aurreikusitakoa baino handiagoak izan diren jasotako diru-sarreretatik ere.
Bost milioi euroko zenbateko horretatik, bi milioi euro Udal Gobernuarentzat estrategikoak diren bi proiektu ordaintzeko erabiliko dira: Santakurtz kalean martxan dauden obrak, eta komentuan proiektatzen den adinekoentzako gizarte zentroa.
Gainerako 3.000.000 euroetatik, Udal Gobernuak 2022ko aurrekontuetan 2.200.000 euro sartzea proposatu du, honako proiektu hauek egiteko:
- Arkupeko klimatizazio-sistema berria (eguzki plakak eta aerotermia). 100.000 euro; 2022ko aurrekontuetan erreserbatutako 85.000 euroei gehituta. Beste 15.427 euro proiektua idazteko erabiliko dira.
- Igogailu publikoa, Iturrizar plazako etxebizitzetatik, ibaiaren ertza inguratzen duen pasealekua eta Txarapea ibilbidea lotzeko. 416.300 euro (proiektua eta obrak gauzatzea).
- Txarapeako etxebizitzen mendi hegala egonkortzea. 273.486 euro bideratuko dira (obra osoaren inbertsioa 650.000 eurokoa da).
- Komentuaren ingurua berrurbanizatzea. 640.000 euro (urbanizazioa, ingurunea integratzea horma eraistearekin eta zubia eraikitzea, komentutik ibaia inguratzen duen pasealekuaren beste aldera igarotzeko).
- Ibarrako futbol zelaia ureztatzeko sistema berria. 22.650 euro.
- Elektrizitatearen, gasaren eta zaborren prezioaren igoerari aurre egitea. 403.000 euro.
Alkateak nabarmendu du, halaber, ezustekoei eta aurreikusi gabeko gastuei aurre egiteko, soberakinetik 800.000 euro gordetzea proposatu dutela. "Zuhurrak izaten jarraitu behar dugu. Errusiak Ukraina inbaditu izanak eragina du ekonomian, eta, gainera, pandemiaren ondorioak pairatzen ari gara oraindik, azken aurrekontu-ekitaldiak baldintzatu baitizkigu. Ezegonkortasun honen aurrean, ezustekoei eta beharrei erantzuteko prest egon behar gara”, gaineratu du alkateak.
Udal Gobernuak hurrengo Osoko Bilkurara eramango du bere proposamena onar dezan.