Ibarra kiroldegiak ekainaren 8an zabalduko ditu ateak
Hiru hilabete itxita egon ondoren, Ibarra kiroldegiak ekainaren 8an ekingo dio bere jarduerari. Deseskaladaren aurrerapenak kirol guneak irekitzeko aukera ematen du, eta ildo horretan, Udala lanean ari da herrian kirol jarduera suspertzeko. Egoera berrira egokitzeko instalazioen funtzionamendurako segurtasun protokoloa martxan jarri behar izan dute.
Horrela, deseskaladaren 3. fasean sartzearekin batera, kiroldegiak bere ateak irekiko ditu datorren astelehenean. Ikastaroak jarriko dira martxan: Mantentze gimnasia, pilates, yoga, zumba, tonifikazioa, multifitness, hipopresiboak, gap... 16 eta 20 laguneko aforoa ezarriko da klaseetan.
Astebete geroago, ekainaren 15ean, igerilekuak zabalduko dituzte, 8:00etatik 14:00etara, eta fitness aretoa 16:00etatik 21:00etara. Hilaren 22tik aurrera eta uztail osoan, astelehenetik ostiralera 8:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara egongo da zabalik kiroldegia, eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Aforoei dagokienez, fitness aretoak gehienez 25 erabiltzaile har ditzake aldi berean, baita igerilekuak ere goizeko ordutegian. Azken horietan arratsaldean 35 bainularira handituko da aforoa (erabilera ludikoa eta igerilarientzako erabilera barne). Rokodromoan, berriz, zortzi lagunentzako tokia egongo da.
Koronabirusak sortutako egoera dela eta, kirol ekipamenduaren eskaintzak, ordutegiak eta espazioak birplanteatu behar izan dira. Hartutako neurrietako batzuk ez dira soilik errealitate berrira egokitzeko neurri zuzentzaileak, baizik eta espazioen aprobetxamenduaren hobekuntzak.
Funtzionamendua:
1. Ez da beharrezkoa izango aurretiko hitzordua eskatzea, baina aforoak mugatuko dira eta baita denborak ere.
2. Garbitzeko eta desinfektatzeko neurriak eta protokoloak ezarriko dira, legediak ezartzen dituen baldintzak betetzeko eta segurtasuna bermatzeko.
Prezioak:
1. Zuzendutako kirol jarduerak doakoak izango dira.
2. Instalazioak erabiltzen dituzten abonatuek 16,86 euro ordainduko dituzte hilean; haurrek, berriz, bederatzi euro hilean.
3. Zerbitzua erabiltzen ez duten abonatuei ez zaie hileko kuota irailera arte kobratuko.
Salbuespenezko egoera honen aurrean, Udalak kiroldegiko erabiltzaileen laguntza eta ekarpen eraikitzaileak eskatzen ditu beharrezko zuzenketak egiteko. Prezioei dagokienez, nahiz eta egoera ekonomiko zaila izan, ahalegina egin da jendeari Ibarrara itzultzea errazteko eta "errealitate berri" honetan kirola egiten hasteko.