Yolanda Iglesias Martin psikologoak elikadura jokabidearen nahasmenduez hitz egingo du ostegun honetan
Janariarekin harremana aldatzen denean: Elikadura nahasteak izenburuko hitzaldia eskainiko du datorren ostegunean (azaroak 10) Acabe Gipuzkoa Elkarteko psikologo den Yolanda Iglesias Martinek. Ekitaldia (gazteleraz) Arkupen izango da, 18:00etatik aurrera.
Denok entzun ditugu inoiz elikadura-jokabidearen nahasmendu ezagunenei buruzko komentarioak, izan anorexia nerbiosoa, bulimia nerbiosoa edo tripakadek eragindako nahasmendua, baina ba al dakigu benetan zer diren?, zein dira arrisku faktoreak?, zein da tratamendua edo zer inplikazio ditu?. Gai hauei eta beste askori buruz hitz egingo du Iglesias Martinek Gipuzkoako Acabe Elkarteak eta udal Prebentzio sailak antolatutako hitzaldian.
Elikadura nahasmendua osasun mentaleko arazo bat da, non pertsonak osasungarriak ez diren elikadura-jokabideak erabiltzen dituen, hala nola gehiegi edo gutxiegi jatea, sentimenduei eta beste egoera batzuei aurre egiteko.
Elikadura jokabidearen nahasteak (EJN) gaixotasun larriak dira, baina laguntza egokiarekin ehuneko oso altuan gainditzen dira. Horretarako, detekzio goiztiarra eta diziplina anitzeko tratamendu piskoterapeutiko espezializatua behar dira. Nahasmenduen mota honen berezitasunetako bat gaixotasunaren kontzientziarik eza da, eta ondorioz, sendatzeko motibazioarik eza. Horregatik, EJNen tratamendua luzea eta konplexua da, eta sendatze-prozesuan familiak berebiziko garrantzia du.