‘Tartalo, gaztaren sekretua’ antzezlanarekin irekiko du Arkupek denboraldi berria

2021/09/30
• Antzerkia, bideo-animazioa, interakzioa eta musika uztartzen dituen Logela Multimedia konpainiaren ikuskizun honekin hasiko da kultura egitaraua datorren igandean. • Antzezlanak, dokumentalak eta ipuin saio bat eskainiko ditu urriko programak.

Hiru eta bederatzi urte bitarteko haurrei zuzenduta dagoen Tartalo, gaztaren sekretua antzezlanarekin irekiko du denboraldi berria Arkupeko Zaraia aretoak urriaren 3an. Logela Multimedia konpainiaren lan honetan, Joxemielen pertsonaiaren bitartez, Tartalo jentilaren kondaira fantastikoa kontatzen da. Tartalo mendian bizi den artzain erraldoia da, begibakarra. Bere txoko magikoan gazta egiten du eta hain estimatua den elikagai honen sekretua gordetzen du. Antzerkia, bideo-animazioa, interakzioa eta musika uztartzen dituen ikuskizun multimedia da.

Urriko egitarauak arte eszenikoekin lotutako beste bi hitzordu eskainiko ditu. Horrela, urriaren 24an, Amancay Gaztañaga zuzendariak, eta Lander Lipus eta Laura Penagos antzezleek idatzitako Atzerrian lurra garratz izenburuko ikuskizuna Arkupeko taula gainera eramango dute Huts Teatroak eta Artedramak. Lanak inmigrazioa eta sorkuntza bezalako gaiak jorratzen ditu, eta guztiaren erdian, bere jatorrizko herritik atera zen emakume sortzaile baten bizipenak azaltzen dira.

Hilaren 31ean, aldiz, emakumez osatutako Ausartak antzerki talde eskoriatzarrak Las brujas se salem ikuskizuna antzeztuko du.

Dokumentalek ere euren tartea izango dute urriko programan. Hala, hilaren 8an, Nafarroa landatarraren sustraiak aztertzen dituen Bideak ikus-entzunezkoa proiektatuko da. Aritz Ganboa artzainak ekoiztutako lana Sakanako Arruazu eta Erronkariko Izaba elkartzeko egindako mendi-korrikaldiaren kronika da, bi herri horiek Ganboaren arbasoen sorterriak baitira. Erronkaren aitzakia motxilan daraman gazta bat da. Egitasmo honek, besteak beste, nekazaritza eta abeltzaintza balioetsi eta artzaintza eta honi lotutako ondare ekologikoa, kulturala zein historikoa balioan jarri nahi ditu.

Urriaren 15, 22 eta 29an, UDAK bere 75. urteurrenaren baitan grabatu duen Herriaren Hauspoa dokumentalaz gozatu ahal izango da.

Bestalde, urriaren 16an, gai historikoen ikertzaile den Aitor Antxiak Historia de las iglesias y ermitas de Aretxabaleta liburua aurkeztuko du. Liburutegian, berriz, ipuinak izango dira protagonistak hilaren 20an. Egun horretan, Ines Bengoak Karabi Karaba saioa eskainiko du lau eta zortzi urte bitarteko haurrentzat.

Zinearen itzulera

Udalak zine digitaleko proiektore bat erosiko du. Horretarako, 55.000 euro bideratu dira aurrekontuetan kreditu aldaketa baten bidez. Gipuzkoako Foru Aldundiak horrelako inbertsioetarako ematen dituen dirulaguntzetara aurkeztuko da Udala. Eskaeraren prozesua izapidetu eta Foru Aldundiaren ebazpena ezagutu arte, proiektore bat alokatuko da Arkupen filmak berriro eskaintzeko. Udala lanean ari da zinea Zaraiako pantaila handira urtea amaitu baino lehen itzul dadin.

Egitaraua:

1. Urriaren 3an: Logela Multimediak Tartalo, gaztaren sekretua ikuskizuna aurkeztuko du. 17:00etan (hiru euro).
2. Urriaren 8an. Bideak dokumentala. 19:00etan (hiru euro).
3. Urriaren 15, 22 eta 29an. Herriaren Hauspoa dokumentala. 19:30ean.
4. Urriaren 16an. Historia de las iglesias y ermitas de Aretxabaleta liburuaren aurkezpena. 12:00etan.
5. Urriaren 20an. Karabi Karaba ipuin kontaketa Ines Bengoarekin. 18:00etan.
6. Urriaren 24an. Huts Teatroa eta Artedrama taldeen Atzerrian lurra garratz antzezlana. 19:00etan (lau euro).
7. Urriaren 31ean. Eskoriatzako Ausartak taldearen Las brujas se salem antzezlana. 19:00etan (lau euro).

*Sarrerak urriaren 1ean jarriko dira salgai Arkupen.