Aretxabaletak ilusioari eutsi nahi dio pandemiara egokitutako Gabonetako egitarauarekin

2020/12/09

.700 haurrek ‘sorpresa’ bat izango duen gutun bat jasoko dute datozen egunetan. Abenduaren 16tik 23ra Olentzerori eta Mari Domingiri gutunak uzteko aukera izango dute Arkupen

. Erakusleiho lehiaketaren berritasuna 150 euroko sari herrikoia izango da. Botoa ematen duten atxabaltarren artean 50 euro zozkatuko dira herriko dendetan gastatzeko

Gabonetako kanpaina prest dago aurtengo jai ezohikoak girotzeko. Egun berezi hauetaz gozatzeko proposamenak ez dira faltako. Neguko azokak, musikak, antzerki ikuskizunek, erakusleiho lehiaketak… osatzen dute Udalak antolatu duen egitaraua. 

“Desberdina izango da, baina Gabonak ospatuko ditugu. Programa gaur egungo egoerara egokitu da. Ez da Olentzeroren eta Mari Domingiren desfilea edo Erregeen kabalgata bezalako ekitaldirik izango, baina haurrak ez dira Gabonetako pertsonaia hauen ilusiorik gabe geratuko. Neguko azoka ere ospatuko dugu, aurten egun bakarrean, segurtasun neurriak errespetatuz.
Karpa handiaren ordez, banakako karpa txikiak jarriko dira, eta Durana eta Mitarte kaleetan kokatuko dira dagokien distantziarekin", azaldu du gaur Unai Elkoro alkateak Gabonetako kanpainaren aurkezpenean. Ekitaldian Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak, Inma Miguel eta Nahia Agirre teknikariek, AZ Visual Mediako Mikel Alberdik eta Aretxarteko izenean Idoia Elexpuruk parte hartu dute.

 

Alkateak herriko dendetan erosketak egiteko deia luzatu die herritarrei, are gehiago pandemiak sektorea gogor jo duen urte honetan. Horren harira, Elkorok esan du herriko establezimenduetan kontsumitzeko atera diren mila 20+10 bonoek (2019an baino 600 gehiago) harrera "bikaina" izan dutela eta "hiru egunetan agortu" direla.

Abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingi ez dira haurrekin elkartuko, baina aretxabaletarren, bereziki txikienen, nahiei eta eskaerei erantzungo diete. Hamar urte arteko 700 haurrek ikazkinak eta haren bikotekideak idatzitako gutun bat jasoko dute datozen egunetan euren etxeetan. Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak aurreratu duenez, gutunean etxeko txikienek Errege Magoak ere bertan izango diren “sorpresa” bat jasoko dute 

Horrez gain, Arkupeko beiratean Olentzero eta Mari Domingiren irudiak daude ikusgai, eta abenduaren 16tik 23ra bitartean haien ondoan kutxa bat jarriko da haurrek euren gutunak utz ditzaten.

Bi sari erakusleiho onenentzat

Gabonetako erakusleiho lehiaketak aldaketa batzuk izango ditu. Alde batetik, erakusleiho onenei bi sari banatuko zaizkie: lehenari 300 euro eta bigarrenari 150. Bigarren sari hau, berrikuntza gisa, herritarren esku utziko da, eta abenduaren 16tik 23ra bitartean eman ahal izango dute botoa Arkupen jarriko den kutxan.

Pertsona bakoitzeko boto bat onartuko da, eta hautatutako saltokiarekin batera, NANa adierazi beharko da. Parte-hartzaile guztien artean 50 euroko bonoa zozkatuko da herriko dendetan gastatzeko.

Lehiaketan komertzio guztiek parte har dezakete (ez da beharrezkoa izena ematea) eta sari banaketa hilaren 28an egingo da.

Hogei parte-hartzaile baino gehiago azokan

Abenduaren 19an ospatuko den Neguko azokan 25 artisau, ekoizle eta merkatari bilduko dira Durana eta Mitarte kaleetan. Azoka 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da.

Beste ekimen eta ekitaldi batzuk:

  1. Bideoa: Aretxabaletako merkataritza da berriz ere Gabonetako bideoaren protagonista. Oraingo honetan, AZ Visual Mediak La vida de Brian filmaren parodia egin du. Merkatariekin batera, Kepa Errasti aktore atxabaltarrak parte hartu du bideoan.
  2. Aretxarte merkatarien elkarteak zigiluen kanpaina martxan jarri du. Elkarteko saltokietan erosketa bakoitzeko zigilu bat lortuko da. Guztira sei zigilu osatu beharko dira kartulina batean, 200 euroko bonoa eta 50 euroko beste 38 bonuen zozketan parte hartzeko. Zozketa 2021eko urtarrilaren 8an egingo da
  3. Kultur programazioa:
  • Abenduaren 11an: Bertso jaialdia. 19:00etan (lau euro).
  • Abenduaren 13an: Ametsen urtebetetzea ikuskizun musikala. Haur zein gurasoei zuzenduta. 17:00etan (hiru euro).
  • Abenduaren 17an: Oreka TX. 19:00etan (lau euro).
  • Abenduaren 19an: Aitor Olea Juaristi organo jotzailea. Parrokian, 20:00et
  • Abenduaren 20an: Andoni Mutiloa-Elur Sorkuntza etxearen Esnatu naiz kabareta. 19:00etan (lau euro).
  • Abenduaren 26an: Txalo Produkzioak taldearen Losers (Galtzaileak) antzezlana. 16:30 eta 19:00etan (lau euro).
  • Abenduaren 29an: The Upper Room gospel taldearen Goiko gela ikuskizuna. 19:00etan (lau euro).
  • Abenduaren 3tik 30era arte. Eskuen Hitzak erakusketa Itzal Zubillagaren eskutik. Astelehenetik ostirala arte 11:00etatik 13:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara. Larunbatean, 11.00etatik 13:00etara.
  • Urtarrilaren 5ean: Sagutxo tuntuna taldeak Khantoria ikuskizun familiarra aurkeztuko du. 12:00 eta 17:00etan.