Haurrentzako ‘Gure kanoa' txotxongilo antzezlanak irekiko du igande honetan urriko kultur programa

2022/10/06
. Telmo Irureta aktoreak 'Minus ukittua' bakarrizketa aurkeztuko du urriaren 30ean . Antzerkiak, musikak, hitzaldiek eta ikastaroek osatzen dute hilabete honetarako antolatutako egitaraua.

Zurrunka antzerki konpainiaren Gure kanoa antzezlanak irekiko du datorren igandean udal Kultura sailak antolatutako urriko egitaraua. Senegalen arrantzale familia batean jaiotako Abba haurraren istorioa da txotxongilo ikuskizun honen haria (17:00etan; hiru euro).

Antzerkiari dagokionez, hurrengo hitzordua urriaren 23an izango da, ATX Teatroa, Itzuli eta Punto Gunea konpainiek taularatuko duten Oihana. Sorginen bidea ikuskizunaren eskutik (19:00etan; bost euro). Barbara Rivas, Arantxa Hirigoyen eta Joana Olasagasti dira antzezlan honetako protagonistak. Etorkizun hurbil batean, Oihana, Lur bere amarekin eta Argia, bere amatxirekin, bizi da. Mendeetan zehar, jakintzak eta ohiturak familiako emakumeen artean transmitituak izan dira dantzaren bitartez. Baina, katea moztu egin da. Oihana ez da gai hizkuntza hau eta dakartzan sekretuak ulertzeko. Gau batez ametsetan bidaiatu ahal duela ohartzen da. Ordutik, ausardiaz eta kuriositate haundiz bere iragana deskubritzera abiatzen da, eta honekin batera, hizkuntza misteriotsu hau hitz egiten duten emakumeak ezagutzera: Sorginak.

Urriaren 30ean, berriz, Telmo Irureta aktore zumaiarrak Minus ukittua bakarrizketa eskainiko du (19:00etan; bost euro)

Musikak ere bere lekua izango du Hipnosia taldearekin. Ukitu progresibo eta elektronikoak dituen rock alternatiboko talde bizkaitar honek 2021ean ekin zion bere ibilbideari. Beste talde batzuetan esperientzia zabala duten musikariek, estilo desberdinetatik datozenak, baina rockarekin lotura bera dutenak, osatzen dute Hipnosia. Urriaren 14an Zaraia aretoko taula gainera igoko dira (20:00etan; bost euro).

Urriaren 19an, udal liburutegian Ines Bengoak 3 eta 5 urte bitarteko haurrei ipuinak kontatuko dizkie (18:00etan). Izena emateko epea hilaren 10ean irekiko da.

Bestalde, hiru ikastaro antolatu dira: zirku tailerra; komiki eta marrazketa manga, eta ukenduak egiten ikasteko ikastaroa. Izen-ematea Arkupen dago zabalik.

Mikologiari buruzko hitzaldia eta Martxe Arana margolariaren erakusketa

Bi hitzaldi ere proposatzen ditu urriko egitarauak. Lehena, urriaren 25ean (19:00etan), Unai Fernandez Agirre adituak emango du Onddoak biodibertsitatearen giltzarri gisa izenburupean. Bigarrenean, Amelia Barquin filologo eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak Kultura eta hizkuntza aniztasuna hezkuntzan delako berbaldia eskainiko du (17:30ean). Auzoko programaren barruan antolatu dute hitzaldi hau Udalak eta Loramendi Euskara Elkarteak.

Erakusketen atalean, ordea, Martxe Arana artista aretxabaletarraren margolanak urriaren 17tik azaroaren 25era bitartean ikusgai egongo dira.

Ibilgailu Klasikoen Topaketa eta Bailarako Txistulari Eguna

Bi hitzordu kalean izango dira. Urriaren 15ean, Goiena Classic Club-ek antolatuta Ibilgailu Klasikoen Topaketarekin gozatzeko aukera egongo da. Zazpi egun geroago, hilaren 22an, txistulari aretxabaletarrek anfitrioi lanak egingo dituzte eskualdeko Txistulari Egunean.

*Antzezlanetarako eta kontzerturako sarrerak Arkupen eta www.aretxabaleta.eus (Erosi zure sarrera) webgunean salgai daude.

Egitaraua.