"Egin dezagun jauzi handi bat" liburuak nerabeengan drogen kontsumoa prebenitzeko programaren emaitzak jasotzen ditu
Egin dezagun jauzi handi bat izenburuko liburuak orain dela bi urte UDAk substantzia adiktiboen kontsumoari aurre egiteko abian jarri zuen programaren mugarri nagusiak jasotzen ditu. Sustantzia horien kontsumoa kirol klubeko hainbat kategoriatan detektatzean sustatu zuen ekimena.
U@DA izenarekin martxan jarritako proiektuan Arrasateko San Juan de Dios ospitale psikiatrikoarekin aritu dira elkarlanean. Ondoren, Aretxabaletako eta Eskoriatzako ikastetxeetara zabaldu zen, bi herrietako udalen babesarekin. Horrela, Bigarren Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek (12 eta 16 urte bitarteko 492 neska-mutil) erantzundako inkestei esker, drogen kontsumoaren arazoa kuantifikatu ahal izan da kolektibo horretan.
Azterketa honen ondorioek eta azken bi urte hauetan sustatu diren ekimenek Egin dezagun jauzi handi bat liburuari edukia eman diote. Aste honetatik aurrera, Almen eta Kurtzebarri ikastetxeetako 500 familia inguruk jasoko dute liburua. Bigarren Hezkuntzako ziklo guztietako eta Batxilergoko lehen mailako ikasleen artean egingo dute banaketa. Guztira, euskaraz zein gazteleraz, 1.100 ale atera dira.
UDAko kirolariek ere jasoko dute liburua. Klubeko webgunean pdf formatuan jarriko dute, eta baita Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalen webgunetan ere. Azken horiek argitaratu dute liburua Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.
LIBURUAREN EDUKIA
Martxan jarri zenetik, drogen erabilera prebenitzeko programak gazteak, haien familiak eta profesionalak inplikatzea bilatu du, baita eskualdeko eragile sozial, kultural eta ekonomikoak ere. Horrela, egindako inkestekin batera, nerabeek drogen ondorioz buruko gaixotasunak dituzten pertsonen esperientziak lehen eskutik ezagutu dituzte.
Orain kaleratu den liburuak proiektuaren emaitzak jasotzen ditu. 492 ikasleek betetako galdetegien datu batzuen arabera, 110 gaztek, hau da %22k, aitortu dute kontsumitu izan dutela. Hileko kontsumoari dagokionez, %68k dio hilean behin edo bost aldiz kontsumitzen duela. Bestalde, programa horri esker 25 lagunek drogen kontsumoa uztea erabaki dute; horietatik 22 adingabeak dira, eta hiru adinez nagusiak.
Nerabeengan drogen kontsumoa islatzen duten datu horiek guztiak dira San Juan de Dios ospitale psikiatrikoko profesionalek zuzendu duten liburuaren abiapuntua. Era berean, komunitatean eragiteko antolatu diren jarduerak zehazten dira; besteak beste: Inklusioa, esnatu, mugatu, ausartu eta erabaki kirol jardunaldiak, nahasmendu mentala duten 12 paziente eta beste horrenbeste ikasleen arteko elkarbizitzarako Respaldiza ekimena, gurasoek erantzundako inkestak, eta Osasun Mentalaren Nazioarteko Egunean egindako jarduerak.
Beraz, orain arte proiektuak eman dituen fruituak dira Egin dezagun jauzi handi bat liburuaren oinarria. Lan honekin nerabezaroan drogen kontsumoa geldiarazteko programaren lehen fasea ixten da.
HEMENDIK AURRERA
Programaren bultzatzaileek "pausoak ematen" jarraitu nahi dute. “Erabaki baliagarriak hartu behar ditugu, eta harresi bat jartzeaz gain, gainerakoak hezi eta geuk hezi behar dugu. Arazo hori ez da arazoa daukanarena bakarrik, guztiona ere bada”, azpimarratu dute.
Eskoriatzako alkate den Joserra Zubizarretak azaldu duenez, Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalek proiektu honen aldeko apustua egiten jarraituko dute. Ildo horretan, EKKO izeneko (Eskola, Komunitatea, Kirola eta Osasuna) programa berri bat lantzen ari direla aurreratu du, eta oraingo honetan, Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik seigarrenera (10 urtetik 12ra) jaitsiko dutela parte-hartzaileen adina. "Helburua drogen kontsumoan prebentzioa txikitatik lantzea da", adierazi du Zubizarretak. Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egingo du proiektu horrekin, eta datorren ikasturtean martxan jartzea aurreikusi dute.
Bestalde, ekainean Inklusioa, esnatu, mugitu, ausartu eta erabaki kirol jardunaldien bigarren edizioa ospatuko da. Aurten, Donostian egin beharrean, Aretxabaletan antolatuko dute astebete iraungo duen programa.