Ekainak 28, LGTBIAQ+ komunitatearen Harrotasun Eguna

2024/06/27

Urtero lez, gaurkoan ere gogora ekartzen ditugu 1969ko ekainaren 28an New Yorkeko Stonewall tabernan poliziak egindako sarekadaren aurka antolatu ziren ekintzak, eta horrekin batera, LGTBIAQ+ kolektiboaren babesa zein eskubideak defendatzeko aldarria egin nahi dugu.

Aretxabaletako Udalak orduko kontuak gogora ekarri nahi izan ditu, egun horri esker eman dituelako LGTBAIQ+ kolektiboak aurrerapausoak beren eskubideetan. Baina poliki-poliki hainbat hobekuntza lortu diren arren, oraindik ere asko dago lortzeko, esaterako, jendartean onartuagoak izatea. Izan ere, oraindik, diskriminazioa, estigmatizazioa eta, batzuetan, gorroto-krimenak ere jasaten dituzte, sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik.

Diskriminazio hori jasan ez dezaten eta LGTBIAQ+ kolektiboaren aniztasuna jendartearen erdigunean jartzeko helburuarekin, Aretxabaletako Udalak honako konpromisoak hartzen ditu:

  • LGTBIAQ+ kolektiboaren eskubideen alde lan egitea.
  • Aretxabaleta herri segurua bilakatzea LGTBIAQ+ kolektiboko pertsonentzat.
  • Eraso baten aurrean, erasotuari laguntza eta babesa eskaintzea.
  • Eraso LGTBIAQ+fobikoen aurrean neurri zorrotzak hartzea.
  • Heteroarautik kanpo dauden sexualitate guztien ikusgarritasuna bermatzea.
  • LGTBIAQ+ kolektiboaren inguruko sentsibilizazio lana egitea, bai Udalean bertan bai herrira begira.

Horregatik, aurretik esandako guztiarekin bat eginez, bizilagunok gonbidatzen zaituztegu herrian antolatutako ekintzetan parte hartzera, denok batera kolektiboko pertsonen eskubideen aldeko aldarria egiteko eta jendarte parekideagoa zein justuagoa sortzeko.