Merkataritzari, ostalaritzari eta jarduera profesionalei bi laguntza lerro eskainiko dizkie Udalak

2020/04/03
Urte amaiera arte hilero mila bonu aterako dituzte herriko establezimenduetan kontsumitzeko. Kiroldegiko tasak ez dira kobratuko zerbitzua etenda dagoen bitartean.

Udalak hainbat neurri ekonomiko jarriko ditu martxan koronabirusak sortutako krisiaren ondorioak arintzeko. Saltoki txikiei, ostalaritzari eta profesional liberalei zuzenduta, bi hilabetez luzatuko den bi laguntza lerro sortu dira, eta horretarako 130.000 euroko diru-partida bideratuko da.

Unai Elkoro alkateak azaldu duenez, neurri sorta horrek “diru sarrera faltak eragindako kaltea arintzeko tasak murriztea jasotzen du, eta baita hainbat laguntza ere konfinamendu egoera amaitu ondoren herrian jarduera sustatzeko helburuarekin”.

Neurri hauek hartu dira:

1. Terrazen urteko tasa ez da kobratuko. Itzulketa eskatu ahal izango da jada ordaindu den kasuetan. Udalak, dena den, horiek jartzeko mahai eta gune kopurua arautuko du.

2. Negozioa ixtera behartuta dauden merkataritza, ostalaritza eta bestelako jarduera profesionalei uraren eta zaborraren tasak etengo zaizkie 2020ko lehen sei hilabeteetan. Jarduerari eutsi ahal izan dioten negozioek uraren eta zaborraren tasen % 50 ordainduko dute.

Horrez gain, udalerrian jarduera ekonomikoa suspertzeko eta sustatzeko, Udalak bonu sistema bat jarriko du martxan, hilean 10.000 euroko inbertsioarekin. Horrela, alarma egoerak ezarritako murrizketak amaitzen direnetik urte amaiera arte (abuztua izan ezik), bi hilabeteko iraungitze data duten mila bonu aterako dituzte hilero, eta horiek herriko denda, taberna eta zerbitzuetan kontsumitu ahal izango dira. Erabiliko den formula Gabonetan ateratzen diren bonuen berdina izango da, eta hor Udalak diru kopuru bat jartzen du, erosleak bonua kopuru jakin baten truke erosi ondoren doan jasotzen duena. Prezio ezberdinetako bonuak sortzea da asmoa, sektore guztiei laguntzeko.

Ekimen honen bidez, udalerrian 180.000 euro inguruko gastua sortzea aurreikusten da. 60.000 euro Udalak jarriko ditu, eta gainerakoa bonu horien erosleen eskutik etorriko da, herriko establezimenduetan egingo duten gastuarekin.

Kale animazioari bideratutako diru partida ere 20.000 eurotan handituko du Udalak, kaleetan giroa sortzeko asmoz.

 IBILGAILUAK, URAREN ETA ZABORREN TASAK ETA KIROLDEGIA

Udalak hartutako neurriek malgutasun handiagoa eskainiko dute Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga ordaintzeko orduan, baita uraren eta zaborraren tasetan ere. Ordaintzeko epea azaroaren 30era arte luzatuko da, betiere honako baldintza hauek betetzen badira: Covid-19ren ondorioz jarduera profesionala eten izana, ABEEE-ek (ERTE) eragindako langileak edo langabetuak izatea. Ez da errekargurik kobratuko dagoeneko ordaindu beharreko eta helbideratutako ordainagiriak itzultzea eskatzen bada.

Bestalde, apiriletik aurrera, eta alarma egoerak irauten duen bitartean, Ibarra kiroldegiko erabiltzaileek (abonatuak eta ikastaroetan dabiltzanak) ez dituzte tasak ordainduko. Martxoari dagokion kobrantza egin da jada, baina kirol-instalazioak berriro ireki ondoren, martxoko kuotaren zati proportzionala deskontatuko da, zerbitzua itxita egon den egunei dagokiena.

Neurri guzti hauek Osoko Bilkura batean onartuko dira, ordenantza fiskaletan dagozkion aldaketak egin eta 2019ko ekitaldiko diruzaintzako gerakinaren partida bat gordetzeko, laguntza lerro horiei aurre egin ahal izateko.